Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak Taupada jardunaldia antolatu du ostegunerako, urtarrilaren 30erako, Bilbon, euskaltzaleak aktibatzeko eta saretzeko proposamen berriak aztertzeko helburuarekin.

Topaketa Bilbao Berrikuntza Faktorian egingo da, 09:30etik 14:15era, eta euskalgintza osoari irekita dago. Izen-ematea taupamugimendua.eus/taupada/ webgunean egin behar da, Taupa Euskaltzaleen Mugimendutik jakinarazi dutenez.

Antolatzaileen arabera, 2001tik orain arte Topaldia bezala ezagutu dena "ezinbesteko hitzordu" bihurtu da mugimenduko euskalgintzako eragileen formakuntza, elkartruke eta hausnarketarako.

Jardunaldiaren helburu nagusia euskaltzaleen mugimenduarentzako interesekoak diren gaien gainean hausnarketa egitea da, baina baita barne gogoetarako tresnak eskaintzea, kanpoko eragileekin eta lagunekin elkartrukerako espazio bat bideratzea edota ezagutza sortu eta partekatzea.

Bada, orain, Taupada jardunaldia da Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak berrikuntzarako eta etorkizuneko estrategiak eta ekimenak pentsatzeko baliatuko duen tartea. "Ekintza, jarduera eta gogoeta elkarri oso lotuta dauden elementuak dira gainera, eta ikuspegi horretatik bideratu nahi izaten da Taupadako egitaraua urtero norabideari buruzko hausnarketa, esperientzien transmisioa eta bizipenen kontakizuna uztartuz", azaldu dute.

Aurtengo edizioan, sare nazionalez eta tokikoez, autonomiaz eta interdependentziaz, eta elkarrekin egin daitekeenaz hitz egingo da. "Euskarak euskaltzaleak behar ditu, euskararen alde egingo duten herritarrak aktibatzea behar du, eta horretarako, antolatu eta saretzeko modu eta proposamen berriak behar dira", nabarmendu dute.