Julen Apella idazle berriztarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria, aurkezturiko ia hogei lanen artean, 'Abizen berri bat' izenekoa hautatu baitu Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Horrenbestez, irabazleak 8.000 euroko saria lortu du, eta bere nobela Elkar argitaletxeak plazaratuko du hemendik urtebetera, orain proiektu dena amaitutakoan.

Saria ostegunean eman zitzaion Apellari, Ondarroako (Bizkaia) Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu ziren iazko saria partekatu zuten proposamen irabazleen emaitzak: Karmele Mitxelenaren Zoriona, edo antzeko zerbait eta Goio Ramosen London Calling.

Augustin Zubikarai sariaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, Julen Apellaren 'Abizen berri bat' gaur eta hemen kokaturiko eleberri bat izango da, gazte batzuen harremanetan eta noraezean ardaztua. Jokin eta Felix lagunak dira, biak ari dira karrera amaitzen, baina oso desberdinak dira izaeraz, eta oso bestelakoak dituzte familia eta klase soziala ere, etorkizunari begiratu eta harreman berriei heltzerakoan horrek dakarren guztiarekin. Lanaren anbizio linguistiko zein intelektuala azpimarratu du epaimahaiak irabazlearen dohainak zehaztean.

Julen Apella Santamaria (Berriz, Bizkaia, 1998), Euskal Ikasketetan graduatua da, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterrak egin ditu. Orain arte poesia liburu bat kaleratu du: 'Postal bat desertuan', DK sariaren irabazlea.

Augustin Zubikarai saria nobela laburrentzako lehiaketa izan zen bederatzi urtez, eta 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, sariaren irabazle izan diren eta argitaratu dituzten lanen artean daude, besteak beste, Garbiñe Ubeda (Hobe isilik, 2012), Jasone Osoro (12etan bermuta, 2014), Katixa Agirre (Amek ez dute, 2016), Idoia Garzes (Mendiko gaitza, 2019) edota Mikel Alvarez Sarriegi (Euskalia, 2021).