Dobera Euskara Elkarteak Hernaniko Liburu eta Disko Azokaren laugarren edizioa antolatu du larunbaterako, irailaren 28rako, euskarazko liburuak eta diskoak ezagutzeko eta zabaltzeko aukera emateko. Azoka Atsegindegi plazan egongo da eta euskarazko lanak soilik izango dira salgai.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azokako ateak 11:00etan irekiko dira, eta 14:30ean itxi bazkaltzeko; arratsaldean, 17:00etan hasi eta 19:30 arte egongo dira salmahaiak zabalik. Argitaratzaile eta ekoizleen lasaitasunerako, eguerdiko tartean Dobera elkarteko kideak egongo dira postuak zaintzen.
Aurtengoa laugarren edizioa izango da, eta pixkanaka-pixkanaka azoka indartzen ari dela esan dute antolatzaileek. Horrela, Liburu Azoka izatetik, iaz Liburu eta Disko Azoka izatera pasa zen, diskoei ere tartea eskainiz. Aurten 21 saltoki izango dira, inoiz baino gehiago, eta, ohiko haurtxoko eta eszenatokiaz gain, gune berri bat ere estreinatuko du azokak: Tailerren Txokoa.
Liburu eta Disko Azokarekin bukatuko da Hernaniko Udal Liburutegiak antolatzen duen Hitz Andana hitzaren inguruko jaialdiari, eta iraileko azkeneko aste osoan zehar herrian hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izango da.
Era berean, azokan postuak egoteaz gain, egun eta gune berean, euskal musika eta literaturarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatzen dira, adin eta mota guztietakoak, hala nola magia ikuskizuna, ipuin kontaketa, bertso saio literarioa, kontzertuak, musika ikuskizuna, familientzako tailerra, bakarrizketa eta liburu eta diskoen aurkezpenak.