Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko ordezkariek Europan etxebizitza eskuragarria sustatzeko Eurocities sareko hirien topaketan parte hartuko dute Turinen, asteazken honetan eta ostegunean, irailaren 18an eta 19an.

Etxebizitzaren irisgarritasunaren erronkari baldintza duin eta eskuragarrietan aurre egiteko ikuspegi berritzaileak sustatzea da Eurocities sarearen xedea. Helburu horrekin, aldian behin topaketak egiten ditu sareko hirietako batean, ideien laborategi gisa, kolektibo osoaren jardunak aberasteko esperientziak trukatzeko asmoz.

Turingo biltzarraren leloa Hiriak, gidari: etxebizitza eskuragarria eta egokia bermatzeko estrategia berritzaileak da, eta hainbat gai aztertuko dituzte, hala nola etxebizitza hiri berrikuntzaren bidez sustatzea, etxebizitza adimentsua hiriko bizitza jasangarrian, etxebizitza inklusibo eta eskuragarrien proiektuentzako babesa edo Turin bera hiri etxebizitza politika eta elkarte berritzaileen bidez eraldatzearen adibide bezala.

Yolanda Diez Bilboko Udaleko Etxebizitza zinegotzi eta Udal Etxebizitzak sozietateko presidenteak adierazi du hirian "urte asko" daramatzatela ildo horretan lanean, "energia eraginkortasuneko eta irisgarritasuneko irizpideen araberako birgaitze jarduera garrantzitsuekin, hiri berroneratzeko proiektuak barne hartzen dituzten ekimen berritzaileekin, gure hiriko bizilagunei etxebizitza duin eta eskuragarria bermatzeko etxebizitza politiken testuinguruan".

Eurocities sareak Europako hainbat hiri biltzen ditu, etxebizitza eskuragarria sustatzeko eraginkorrak diren etxebizitza politiken inguruan lankidetzan aritzeko eta ideiak trukatzeko asmoz. Energia eraginkortasunari eta gizarte ekitateari lehentasuna ematen zaie, eta, alde horretatik, Bilbok arlo horretan duen esperientzia, abian jarritako proiektuak eta planak aurkeztuko ditu aste honetako topaketan Yolanda Diez buru izango duen lantaldeak.