Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburu Denis Itxasok Sestaoko Vista Alegre auzoko birgaitze integraleko obrak bisitatu zituen berriki. Udalerriko alkate Gorka Álvarezekin batera egin du, Euskadiko historia industrialeko hiri-ingurune enblematiko eta zigortuenetako bat eraldatzeko erakundeek eta herritarrek elkarrekin egindako lana balioan jartzeko.

Bisitan, Itxasok Vista Alegre Taldearen etxadi itxia zeharkatu zuen. 11 atariz eta 93 etxebizitzaz osatutako eraikuntza-multzo historikoa da, 1914koa, eta interbentzio sakona egiten ari dira bertan, egiturazkoa, energetikoa eta hirigintzakoa. “Pertsonak erdigunean jarriko dituen biziberritze integral eta jasangarriaren alde egin dugu Eusko Jaurlaritzan. Jarduketa horiek urriaren amaierarako amaituta egotea aurreikusten da, eta efizientzia energetikoa hobetzeaz gain, duintasuna eta bizi-kalitatea itzultzen diote historia eta potentzial handia duen auzo bati”, nabarmendu du sailburuak.

Itxasoren hitzetan, “Sestao aztarna postindustrialak utzitako auzo degradatuen birmoldaketa handiaren adibide argia da. Hemen lortzen ari garena Euskadiko beste udalerri askotara eraman daitekeen erreferentzia da”, azpimarratu du. “Izan ere, horrelako auzoek azaltzen dute guk izatea Europa hegoaldeko etxebizitza-parkerik zaharrena eta, hain zuzen ere, parke horren biziberritzean dago azken udalerriko azken auzoraino iritsiko den bizi-kalitatea eta gizarte-kohesioa bermatzeko gakoa”, gaineratu zuen sailburuak.

Auzoko jarduketak 5.276.975,16 euroko inbertsioa ekarri du guztira, Eusko Jaurlaritzak, Sestaoko Udalak eta auzoko bizilagunek finantzatuta. Kopuru horretatik, Eusko Jaurlaritzak 4.403.178,80 euro jarri ditu —4.235.743,80 € PIIE 22-24 programaren bidez (Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Plana) eta 167.435 € gehigarri—, Udalak 682.305,04 euroko ekarpena egin du eta jabe partikularrek 191.491,32 euro bideratu dituzte. Ildo horretan, Itxasok bereziki eskertu nahi izan du “bizilagunen inplikazioa eta lankidetza, proiektuaren tamaina ulertu dutelako eta proiektuaren funtsezko parte izan direlako”.

Bestalde, Gorka Álvarez alkateak gogorarazi zuen Sestaok “etxebizitza-parke zaharra” duela, eta horregatik bere iritziz “beharrezkoa da etxebizitza berritzeko eta modernizatzeko urratsak ematen joatea”. Hori da gure Hiri Agendan udalerri gisa hartu dugun konpromisoetako bat eta, egiazta daitekeenez, norabide horretan ari gara lanean hori betetzeko ”, gaineratu zuen.