Iraupen luzeko zainketen ebidentzietan oinarritutako politikei buruzko nazioarteko 7. biltzarra (ILPN) izango da Bilbon ostegun honetatik, eta mundu osoko 30 herrialdetako 300 aditu baino gehiago bilduko dira. Biltzarra Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du, The International Long-Term Care Policy Network (ILPN) eta London School of Economics and Political Science (LSE) erakundeekin batera.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Iraupen Luzeko Zainketen Politiken Nazioarteko Sareko zuzendari eta Jose Luis Fernandez London School of Economics and Political Science (LSE) erakundearen Zainketen Politiken eta Ebaluazioaren Zentroko zuzendariak ireki dute larunbatera arte egingo den ILPN biltzarra, Euskalduna Bilbao jauregian.
Topaketa bi urtean behin egiten da, eta egoitza txandaka izaten da, batean Londresen eta hurrengoan Erresuma Batutik kanpoko hiri batean. Biltzarrak sona handia dauka nazioartean, erreferentziako plataformatzat jotzen baita munduko ikerlariek, akademikoek, arduradun politikoek eta entitate sozial eta ekonomikoen ordezkariek iraupen luzeko zainketen inguruko ebidentziak eta ikuspegiak trukatzeko. Ekitaldira biltzen direnek zainketen inguruko azken ikerketez, politika publikoen aurrerapenez eta jardunbide berritzaileez jardungo dute.
ILPN Conference Bizkaia 2024 biltzarrean iraupen luzeko zainketen arloko nazioarteko ikerlari hoberenetako hiru ariko dira: Stefania Ilinca (Osasunaren Mundu Erakundea) eta Norma B. Coe (Pensilvaniako Unibertsitatea) doktoreak eta Joseba Zalakain irakaslea (SIIS Donostia).
Saio paraleloetan ariko diren adituen artean nazioarteko zenbait erakunderen ordezkariak egongo dira, hala nola Osasunaren Mundu Erakundekoak, Munduko Bankukoak, Europako Batzordekoak eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundekoak. Era berean, Harvard, Brown, Standford, Duke, Syracuse, London School of Economics and Political Science, Erasmus, York, Hong Kong, Osaka eta Nagoya erakunde ezagunetako akademikoak eta irakasleak ere izango dira, besteak beste.