Daramagun bizitza honetan erabat ahaztu dugu inprobisatze hitzak zer esan nahi duen. Egia da egunerokotasunak ez digula batere erraz jartzen. Eguneroko lanak eta betebeharrek ez diote abenturari tarte handirik uzten. Hala ere, udan gaude jada, eta es dago hau baino garai hoberik amain emateko. Nire zalantza da gai izango ote ginatekeen. Izan ere, dena kontrolatzen ohituta gaude. Lehen, herrian ematen genituen udak, asmo handirik gabe. Familiarekin eta lagunekin partekatzeko egunak ziren, naturaz inguratuta, igerilekuan eta bizikletaz ibilaldiak egiteko egunak... Denetarako astia zegoen, baita aspertzeko ere. Baina orain dena desberdina da. Gaur egun jatetxeen, bisitatzeko tokien edo jarraitu beharreko gomendioen zerrendarik izan gabe bidaiatzea erabakitzen duen inor ba ote dagoen galdetzen diot neure buruari. Sare sozialek, beste behin ere, zerikusi handia dute dena hartu nahi apeta horrekin. Gure bizitza zerrenda amaigabe bat bihurtu dute, non garrantzitsuena marratzea den. Baita udan ere. Horregatik, aisialdi garai honetan gonbidatzen zaituztet eramaten uztera, minutu bakoitza programatzen denbora ez galtzera, eta bai unea bizitzera. Bruce Leek esan zuen jakinduria handiz: Be water, my friend.
- Multimedia
- Servicios
- Participación