Guraso garenetik esan dezakegu haur parkeetan aditu bihurtu garela. Egia esan, Gasteizen parke gutxi falta zaizkigu ezagutzeko. Are gehiago, gehien erabiltzen ditugunen abantailak eta eragozpenak ezagutzen ditugu. Eguraldia erabakigarria izaten da parkeo tokatzen denean. Egun hotzetarako batzuk saihestu egin behar dira jelatuta gelditu nahi ez baduzu, eta termometroa hogeita hamar gradutik gorakoa bada, berriz, El Prado edo Vicente Goicoechea aukera ezin hobeak dira. Euria egiten duenean, alternatiba Zabalganako parke estalia da, baina abentura bilatzen badugu, Lakuan piraten itsasontzia dugu tirolina eta guzti. Asteburu honetan, Alde Zaharreko parke berria bisitatu dugu. Berdeguneak eta zurezko hainbat proposamen dituen gunea, alaben gozamenerako. Egia esateko, ohikotik ateratzen den asmamena izan da. Baina parke honetako gauzarik onena da, zalantzarik gabe, nola eratu den. Auzoko familiak izan dira proiektuaren egileak, haurrak protagonistak izanez. Horiek beren proposamenak eztabaidatu dituzte eta forma eman diete. Txikienen iritziak funtsezkoak izan dira talde-lanean. Izan ere, haurren ikuspuntua gidari hartuta auzoa eraldatzeak onura asko ditu. Eta ziur nago bere ikuspegia beste hainbat bizitza-esparrutan aplikatuko balitz, dena hobeto joango litzatekeela.