uchan ikusi berri dugun errusiar erretretaren osteko eszenatoki suntsitzaile, ikaragarri, gizagabea, gerra guztietakoa da, egunero errepikatzen dena han-hemenka, eta horregatik oraingoa da une egokiena mundu osoan gertatzen diren sarraski guztiak kontuan hartzeko. Ez bakarrik telebistatik helarazten dizkigutenak, ez bakarrik gure bizitzak mehatxatzen dituztenak arma nuklearrak medio, ez bakarrik Europa zaharrean gertatzen direnak, baizik eta isilean irauten dutenak gure hoztasunaren aurrean ere bai. Elkartasun olatu erraldoi bat hedatu da Europan zehar Ukrainako errefuxiatuen irudiak ikusita, eta horrek sentipen gazi-gozo bat eragin dit, oraingo sentimentaltasun hau sutsua bezain suntsikorra izango ote den susmoa dut eta. Batzuetan iruditzen zait emakume eta haur erbesteratu hauen tragediak ezin gaituela benetan hunkitu, kontuan izanda duela urte pare bat mundu libreko soldaduek ostikadaka kanporatzen zituztela iheslari siriarrak ekialdeko muga berberetan, jende askoren onarpenarekin. Beste batzuetan gaizki sentitzen naiz, doilor, hainbeste jendearen borondate ona zalantzan jartzeagatik, baina berriro ere galdetzen diot nire buruari nola izan gaitezke hain errukitsuak ukrainarrekin eta hain axolagabeak yementar edo etiopiarrekin. Erakusten ez digutena ez da existitzen.
- Multimedia
- Servicios
- Participación