urreko egunean, mugikorra etxean ahaztu zitzaidan. Nire lau urteko alabari kontatu nion amonari deitzeko asmoa geneukala berarekin elkartzeko, baina ezin izango genuela adieraziz esan nion: mugikorrik ez izatearen kontu hori... eta berak bukatu zuen esaldia: berria da zuretzat. Eta patxada ederrean geratu zen. Kontua da konturatu nintzela benetan berria dela berarentzat (ez gaitu mugikorrik gabe ezagutu), baina ez niretzat. Are gehiago, unibertsitatean egon arte, nire bizitza konplikaziorik gabe igarotzen zen, inguruan aparatu adimendunik ez nuen arren. Orduan, jabetu nintzen ez dugula hausnartu nola iritsi garen honaino. 49 urte igaro dira gaur bezalako egun batean mugikor batekin lehenengo deia egin zenetik. Ezin ukatu sakelakoak erraztasun asko ematen dizkigula, baina bestelakoak ere kendu dizkigu. Inguruari benetan erreparatzea bezalako sentsazioak galdu ditugu, baita asperdura bezalako sentimenduak edo pazientzia bezalako bertuteak ere. Izan ere, orain, egunkaria lasai irakurri beharrean, sare sozial bati begira jartzen gara non ehunka ezezagunek beren pentsamenduak oihukatzen dizkiguten. Jada ez dugu entziklopedia kontsultatzen, eta hiri ezezagun batean galtzea ia ezinezkoa da. Bueltatuko ez diren egunerokotasunaren egoerak dira. Baten bat berreskuratu nahi? Erraza da, hasi mugikorra etxean ahazten.