ire haurtzaroko parkearen erditik tranbia igarotzeko proposamenak kezkatzen nau. Txiki-txikitatik milaka une, topaketa eta sentsazio bizi izan ditugu Gerardo Armesto Plazan. Haurrek lasai jolastu ahal izateko eta, aldi berean, gurasoek haiekin ere gozatu ahal izateko gune aproposa da. Gainera, inguru horretan ez dago horrelako leku askorik. Ume baten ikuspuntutik horrelako aldaketak ikusiko bagenitu, agian erabakia argia izango litzateke. Hori da, hain zuzen ere, Gasteiz berezi egiten duena; parkeak, plazak eta trafiko gutxiko guneak. Haurrak eta gurasoak ez lirateke kaltetu bakarrak izango, ostalaritza-establezimenduek eta inguruko negozioek ere aldaketa horiek jasango lituzkete. Laburbilduz, Gerardo Armesto Plazan hamarkadetan zehar sortu den giro hori kolokan jarriko litzateke, azken urtean hainbeste sufritu duten negozioak ere arriskuan jarriz. Nire belaunaldikook plazaren erdian dagoen uharte txikia gogoratuko duzue, zuhaixkak dituena, batzuetan babesleku, etxola, denda edo ikuskizun-areto bihurtzen zena. Telebistan agertzeko moduko show-ak antolatu dira gure plaza maitean. Hilabeteetako prestakuntza eskatzen zuten ikuskizunak. Leihoak ziren gure harmailak eta horregatik gogoratzen dut beti kantu haren hasiera: Ama begira zazu leihotik plazara.