Bazegoen aukera erosoagoa, bide errazagoa. Zalantzarik gabe, galderarik gabe eta, batez ere, arriskurik gabe. Akatsak egiteko arriskurik gabeko aukera, alegia. Gaztelaniaz idatziz gero, nire buruak erraztasunez eta zehaztasunez aurkituko lituzke hitz eta adierazpen guztiak. Hala ere, ausarta izatea eta nire euskarari bizia ematea erabaki dut. Beste askok bezala, urte asko eman ditut nire ama hizkuntza ez den euskara ikasten, bai eskolan, Hizkuntza Eskolan, guraso talde batean, eta azkenean baita euskaltegian ere. Urte horiekin batera atzean geratu dira berridazketa korapilatsuak, berrehun hitzeko idazlanak, gero hirurehunekoak, hiztegira errepasoak, edo ahozko ariketen grabaketak. Zaila izan da gaitasun tituluak eskuratzea, baina behin eskuan izanda, aukerak behar ditugu teoriatik praktikara aldatzeko, ezagutzatik erabilerara igarotzeko. Hori da hizkuntza ikasleok dugun erronka handiena, ikasitakoari balioa eman eta ausardiaz erabiltzen hasi. José Antonio Artze poeta, idazle eta musikariak esan zuen bezala "hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik". Dakitenen artean nagoela suposatuz, hitz egin ordez, idatziz izango da nire ekarpena. Idazmahai honetan aurkitu dut nik nire aukera. Espero dut zuek ere zuena aurkitzea.
- Multimedia
- Servicios
- Participación