Gasteiz %40ra iritsi da hondakinen gaikako bilketaren tasan, Hondakinen Foru Behatokian jasotako 2024ko Hiri Hondakinen Inbentarioak argitaratutako azken datuen arabera.
Pascual Borja Gasteizko Udaleko Ingurumen Kudeaketaren zinegotziaren arabera, "behatoki horren balorazio teknikoa aurrerapauso esanguratsua da, eta, gaur egun dugun bilketa ereduarekin, Espainiako lehen postuan gaude edukiontzi irekien bidezko borondatezko birziklatze sistema aukeratzen duten udalerrien zerrendan".
Horrela, gaikako bilketari buruzko Gasteizko datuak Espainiako Estatuko batez bestekoa (%26) baino %14 puntu handiagoak dira, azken txostenaren arabera.
Dokumentuaren diagnostikoak islatzen du Arabako hiriburuan beiraren bilketa hondakinei buruzko 7/2022 Legeak ezarritako betetze mailetan dagoela; paperaren, kartoiaren eta ontzien bilketei dagokienez, helburu horietatik oso hurbil daude, eta aurrera egiten jarraitu behar da organikoaren bilketan.
BILKETA
Gaikako bilketaren %40ko tasa lortzea ahalbidetu duten datuen artean, materia organiko selektiboaren bilketan izandako %10 inguruko igoera nabarmentzen da. "Materia organikoaren dentsitatea kontuan hartuta, %10eko igoera hondakin tona askoren baliokidea da. Oso datu garrantzitsua da, eta benetako kalitate jauzia ekarri du", zehaztu du.
Oso datu garrantzitsua da, eta benetako kalitate jauzia ekarri du", zehaztu du
Inausketa hondakinen gaikako bilketari dagokionez, igoera %20koa izan da, eta edukiontzi urdinean utzitako papera eta kartoiaren kasuan, aldiz, %16koa. Joera berari eutsi zaio tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen bilketari dagokionez, %11 igo baita.
Azkenik, aipagarria da udal zabortegiaren erabilera azken helmuga gisa gutxitu egin dela, eta azken hamar urteotan pilatutako beherakada %18koa izan dela.