Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak hiriburua eta Gamarra Nagusia kontzejua lotuko dituen eta N-240 errepidearen inguruan VC2 bizikleta bidearekin elkartuko den bidegorri berria egiteko lanak esleitu ditu 1,2 milioi euroan eta 12 hilabeteko gauzatze epearekin.

Tarte hori Arabako Parke Teknologikoarekin lotzeko etorkizunean eraikiko den bidegorriaren zatia da eta bizikleta sare "osoagoa eta funtzionalagoa" egituratzen lagunduko du. Promociones y Pavimentaciones Balgorza S.A. enpresa arduratuko da proiektua gauzatzeaz.

Tarte hori Arabako Parke Teknologikoarekin lotzeko etorkizunean eraikiko den bidegorriaren zatia da eta bizikleta sare "osoagoa eta funtzionalagoa" egituratzen lagunduko du

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziaren hitzetan, "bizikletaz edo oinez mugitzen direnen segurtasuna hobetzeaz gain, bidegorri honi esker, kalitatezko jauzia egingo dugu Gasteizera iristeko sarbide nagusietako batean. Gamarrako Atean dagoen sarbideak gaur transmititzen duen irudi grisa atzean uztea nahi dugu, berdeagoa, erakargarriagoa eta seguruagoa izan dadin".

IBILBIDEA

Ibilbidea bi zatitan banatu da. Lehenengoa Gamarrako Ateko biribilgunetik abiatuko da, eta espaloi berria eta bidegorria eraikiko dira plazaren mendebaldean, Zadorra eta kontzejua gurutzatzen dituen zeharbidearekin bat egin arte. Horretarako, zirkulazioaren bi noranzkoak banatzen dituen hormigoizko hesia kenduko da, eta erdibitzaile berriak baliatuko dira azpiegitura berdea sartzeko.

Zirkulazioaren bi noranzkoak banatzen dituen hormigoizko hesia kenduko da, eta erdibitzaile berriak baliatuko dira azpiegitura berdea sartzeko

Tarte horretan bertan, argiztapen osoa LED argiekin ordezkatuko da, eta zuhaitzez eta lorez osatutako parterre lineal bat eraikiko da. Kolorea emango dio eremuari eta egun nagusi den hormigoiaren irudia hautsiko du. Esku hartzea biribilgunearen berrikuntza estetikoarekin osatuko da, milaka ibilgailuk egunero zirkulatzen duten gune estrategiko horren segurtasuna eta irudia hobetuz.

Bidegorriaren bigarren zatia, N-240 errepidearekiko lotura, Gamarrako gizarte etxearen parean dagoen zeharbidetik aterako da, eta Arakako bidetik jarraituko du, gainerako ibilgailuekin partekatutako ibilbidean. Puntu horretan oztopo zutoinak jarriko dira base militarrerako sarbidea ixteko; horrela, bidea bizikleten erabilerarako erreserbatuta geratuko da, eta auzokoek eta nekazaritzako ibilgailuek sarbide mugatua izango dute.

Gune horretatik aurrera, bidegorriak zabalera handia izango du, eta zirkulazio-banda independenteak izango ditu bazterbideetan Arabako Aldundiak eraikiko duen azpiegiturarekiko loturara arte.