Síguenos en redes sociales:

Arabarrek 2026ko foru aurrekontu parte hartzaileen proiektu finalistak bozka ditzakete urriaren 24ra arte

Aurrekontu parte hartzaileen egitasmoaren aurtengo edizioan bi kategoriartan sailkatu dira proiektuak

Arabarrek 2026ko foru aurrekontu parte hartzaileen proiektu finalistak bozka ditzakete urriaren 24ra arteUtzitakoa

Arabako Foru Aldundiak argitaratu du 2026ko foru aurrekontu parte hartzaileen ekimenean iragazki tekniko eta sozial guztiak gainditu dituzten proiektuen behin betiko zerrenda, eta arabarrek urriaren 24ra arte bozka ditzakete gustukoen dituztenak Gobernu Irekiaren Atarian: https://araba.irekia.eus.

Foru erakundeko iturriek jakinarazi dutenez, aurrekontu parte hartzaileen egitasmoaren aurtengo edizioan bi kategoriartan sailkatu dira proiektuak: lehena 2.000 biztanletik gorako udalerrientzat, gehienez bi proiektu finantzagarrirekin, eta bigarrena 2.000 biztanletik beherako udalerrientzat, gehienez ere sei proiekturekin, kuadrilla bakoitzeko bana.

Bada, guztira, 16 proiektuk gainditu dituzte balorazio teknikoaren faseak: hiruk lehen kategoriako udalerri handietan eta hamahiruk bigarren kategoriako udalerri txikietan.

Orain, Araban erroldatutako 16 urtetik gorako pertsona guztiek eman ahal izango dute botoa (Gasteizkoak izan ezik, prozesu propioa baitu). Bozketa urriaren 24ra arte egongo da zabalik, eta proiektu finalistei eta bozketa prozesuari buruzko informazio guztia https://araba.irekia.eus webean eskura daiteke.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak 2025eko Hizkuntza Aniztasunaren Europako Eguna ospatzeko Bruselan antolatu den NPLD Networking Breakfast foroan parte hartu du ostegun honetan, eta, besteak beste, euskara Europar Batasunean ere ofizialki onartua izateko helburua berretsi du bertan.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, Hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza gutxituen aitortza Europa mailan sustatzea helburu duten gobernuak, unibertsitateak eta erakundeak biltzen dituen sarea da NPLD Network to Promote Linguistic Diversity.

Ekitaldia Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen Ordezkaritzan egin da, eta Europako erakundeetako ordezkariak, Europako Parlamentuko kideak, eskualdeko gobernuen arduradunak eta hizkuntza aniztasunaren adituak bildu ditu.