Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak udazkenerako jardueren agenda aurkeztu du, eta denera 60 proposamen eskainiko ditu urritik abendura bitartean Ataria Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan eta Olarizuko Lorategi Botanikoan.
Borja Rodriguez Gasteizko Udaleko Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, "udazkena iristear da, naturak eskaintzen dizkigun kolore guztiez gozatzeko urteko garairik onena, eta Ingurumen Gaietarako Ikastegitik gasteiztarrak eta urtaro honetan bisitan datozenak gonbidatu nahi ditugu antolatu dugun jarduera programa zabalarekin bat egitera".
"Publiko guztientzako proposamenak daude, zientziaren dibulgazioa, artea, natura eta sormena uztartzen dituztenak. Hitzaldiak, lantegiak, txangoak eta familia jarduerak izango dira asteburuetan urritik abenduaren amaierara arte", gaineratu du.
Horrela, Olarizuko Lorategi Botanikoaren edertasunaz gozatzeko bi ibilbide antolatu dira. Lehena lorategiaren mendebaldean egingo da, zuhaitz hostoerorkorrek zimeltzen direnean zer kolore hartzen duten ikusteko; bigarrena baso mediterraneoetan barrena izango da, oporretako uneak gogoratzeko edo etorkizunean bisitatu nahi diren eskualdeak planifikatzeko.
HITZALDIAK
Halaber, SEO/BirdLife erakundeak hiru hitzaldi eskainiko ditu: berriztagarriei eta biodibertsitateari, Gasteizko Eraztun Berdeko hegazti arrunten jarraipena egiteko programari eta lurraldearen zaintzari buruzko bana.
"Publiko guztientzako proposamenak daude, zientziaren dibulgazioa, artea, natura eta sormena uztartzen dituztenak. Hitzaldiak, lantegiak, txangoak eta familia jarduerak izango dira asteburuetan urritik abenduaren amaierara arte"
Gainera, Euskadiko Hazien Sareak Olarizuko Lorategi Botanikoaren Etxaldeko ateak irekiko ditu urriaren 3an, azaroaren 7an eta abenduaren 12an, lantokia, haziak eta martxan dauden proiektuak erakusteko.
Lorategian perretxiko eta sendabelarren bila ibiltzeko, tximeleten mundua ezagutzeko, haritzaren anatomiaren bidez bizitzaren zuhaitza marrazteko eta Ginkgo bilobaren (zuhaitz fosil biziduna) munduan barneratzeko aukera ere izango da.
LANTEGIAK
Lantegi ugari ere antolatu dira, besteak beste, zianotipiaren argazkigintza teknikarekin esperimentatzeko, arnasbideetarako baltsamo bat egiteko, zume biziko lorontziak sortzeko eta oihaletan landareak eta loreak estanpatzen ikasteko.
Familientzako agenda propioa ere prestatu da, era askotako jarduerekin: Lorategian geratuko diren obra iragankorrak sortuko dituzte aire zabaleko lantegi batean, eta beste batean, aldiz, Eguberriei artisau ukitua ematen ikasiko dute pinaburuak, adarrak eta hostoak erabiliz koroak, girlandak eta zintzilikarioak eginda.