Síguenos en redes sociales:

Gasteizko Udalak 'Euskararekin aberats' kanpaina abiatu du

Ostalaritza eta merkataritza lokalei urte osoan eskaintzen dien hizkuntza aholkularitzako zerbitzua ezagutarazteko

Gasteizko Udalak 'Euskararekin aberats' kanpaina abiatu duUtzitakoa

Gasteizko Udalak Euskararekin aberats kanpaina jarri du martxan, hiriko zerbitzu enpresei eta ostalaritza eta merkataritza lokalei urte osoan eskaintzen dien hizkuntza aholkularitzako zerbitzua ezagutarazteko.

Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi dutrnez, ekimenak hainbat dinamizazio jarduera eskainiko ditu hiriko kaleetan irailera bitartean, eta egitaraua uztailaren 24an hasiko da, 18:30ean, Antso Jakituna kaletik abiatu eta Erdi Aroko hirigunean amaituko den antzezlan ibiltari batekin.

Egitarauaren beste une garrantzitsu bat irailaren 24an izango da, euskara sustatzen laguntzeagatik hiru establezimenduk jasoko dute aintzatespenarekin.

"Kanpaina honen bidez, Euskara Zerbitzutik hizkuntza aholkularitzaren inguruan dugun eskaintzaren berri eman nahi diegu Gasteizko saltokiei eta ostalaritzako lokalei, negozioetan euskararen erabilera normalizatzeko eta sustatzeko. Gainera, bezeroentzako aukera bat izan daitekeela uste dugu, euskaraz komunikatzeko espazio gehiago izango baitituzte", azaldu du Maria Nanclares Euskara zinegotziak.

ZERBITZUAK

Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak doan eskaintzen ditu itzulpen zerbitzuak, errotulazioak, hizkuntza aholkularitza eta diru laguntzen, euskara ikastaroen eta Bai Euskarari edo Euskaraz barra-barra ziurtagiriak lortzearen inguruko informazioa, zerbitzu enpresetan eta merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen presentzia areagotzeko helburuarekin.

Era berean, diruz laguntzen ditu errotuluak, kartelak eta biniloak euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz jartzea, webguneen itzulpenak eta hizkuntza diagnostikoetatik edo Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzetik eratorritako gastuak. Gainera, Arabako Merkataritza Ganberarekin sinatutako hitzarmenaren bidez, Gasteizen egiten diren euskara ikastaroetako matrikulak finantzatzen dira.