Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako Sailak genero indarkeriaren biktimak autoidentifikatzeko sareko tresna bat jarri du martxan. Oro har emakume guztiei zuzenduta dago, baina bereziki baliagarria izan daiteke nerabeentzat eta gazteentzat.

Tresnaren helburua da alerta seinaleak identifikatzen eta existitzen diren arreta eta laguntza zerbitzuetako batzuk ezagutarazten laguntzea da, konfidentzialtasunik eta anonimotasunik handienetik.

Lucho Royero Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotziak nabarmendu du tresna berria genero indarkeriaren biktimei laguntzeko prozesuetan hautemandako beharretatik sortu dela.

"Biktimei ematen zaien arreta hobetzea etengabeko erronka da. Emakume askok bizi duten indarkeria egoerak egunero eskaintzen dizkiegun mota guztietako tresnak hobetzen jarraitzera bultzatzen gaitu, hala prebentzioari, nola indarkeria gertatzen denean ematen den arretari eta laguntzari dagokienez", adierazi du.

Betetzen duen emakumea egoera horietakoren batekin identifikatuta sentitzen bada, tresnak indarkeriatik ateratzen laguntzeko eta bere ongizatea eta autonomia berreskuratzeko dauden baliabideak eta laguntzak ezagutaraziko dizkio

Bada, sareko tresna berria udal webgunearen bidez dago erabilgarri, indarkeria matxistari buruzko atalean, edo https://niunamasvg.org webgunearen bidez zuzenean. Ekimenak Berdintasun Zerbitzuaren laguntza izan du.

APLIKAZIOA

Aplikazioaren oinarrian dauden galderek bikote harremana osasuntsua den edo genero arrazoiengatik tratu txar egoeraren bat jasaten ari den identifikatzen lagundu nahi dute. "Hori guztia espazio erabat seguruaren barruan", azpimarratu du Royerok.

Betetzen duenaren autoidentifikaziorako balio duten zenbait galderatan oinarritzen da tresna, eta genero indarkeria egoera batean egon daitezkeela uste duten emakumeek identifikatu ahal izatea eta, nahi izanez gero, laguntza eskatu ahal izatea da kontua. Galdera orokor batean oinarrituta zenbait gairi erantzuten zaie: 'Genero indarkeriaren biktima izaten ari naiz?'

Hortik aurrera, hamar bat alderdiri buruzko galderak daude: bikotekidearen zainketa eta kontrola, jeloskortasuna, erruduntasuna, irainak eta gutxiespenak, desautorizazioa seme-alaben aurrean, oihuak eta mehatxuak, axolagabekeria, eraso fisikoak, sexu harreman behartuak, familiaren diru sarrerak jasotzeko trabak, beldurra eta abar.

Betetzen duen emakumea egoera horietakoren batekin identifikatuta sentitzen bada, tresnak indarkeriatik ateratzen laguntzeko eta bere ongizatea eta autonomia berreskuratzeko dauden baliabideak eta laguntzak ezagutaraziko dizkio.