Síguenos en redes sociales:

Euskaraldiak sortu duen mugimendua "izugarria" izan dela eta erabilera erdigunean jarri duela diote antolatzaileek

Euskaraldiaren berrikuntza nabarmenetako bat izan da urtaro aldaketa, udazkenetik udaberrira pasa baita, eta aldaketa "oso ondo" baloratu dute herriz herri sortutako batzordeek eta gainerako eragileek

Euskaraldiak sortu duen mugimendua "izugarria" izan dela eta erabilera erdigunean jarri duela diote antolatzaileekUtzitakoa

Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialaren laugarren aldia bukatu zen igandean, eta maiatzaren 15ean hasi zenetik sortu duen mugimendua "izugarria" izan dela eta euskararen erabilera erdigunean jarri duela nabamendu dute antolatzaileek.

Hain zuzen, Euskaraldiaren lehen balorazioa egiteko Bilbon bildu dira koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariak: Irati Iciar Madinabeitia, Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakaria, Javier Arakama Urtiaga Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Aitor Aldasoro Iturbe, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, David Aire Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduraduna eta Jon Kobeaga Erkiaga Euskaraldiko koordinazio orokorreko kidea.

Hasteko, nabarmendu dute inoizko herri gehienek antolatu dutela laugarren edizio honetan Euskaraldia, eta hori "benetan berri pozgarria" dela euskararen biziberritzean lanean diharduten eragile eta norbanako guztientzat, "esan nahi baitu, inoizko herri gehienetan piztu dela ariketaren beharra eta antolatzeko ilusioa". Denera, 450 herri murgildu dira Euskaraldian.

Era berean, Euskaraldiaren berrikuntza nabarmenetako bat izan da urtaro aldaketa, udazkenetik udaberrira pasa baita, eta aldaketa "oso ondo" baloratu dute herriz herri sortutako batzordeek eta gainerako eragileek, "horrek aldartean eta giroan onura ekarri duelako bai herrian eta baita batzordekideen artean ere".

Bestalde, sustatzaileen hitzetan, Euskaraldiaren laugarren edizioak erakutsi du "mota guztietako entitateek euskararen erabileran jauzi bat eman nahi dutela eta hori ahalbidetzeko urratsak emateko prest daudela".

Hain zuzen, 7.500dik gora entitatek berretsi dute Euskaraldian parte hartu nahi dutela, "euren kideen artean ariketa sustatuz, ikusgarri eginez eta euskara gehiago erabiltzeko pausoak emanez". Horrela, aurreko urteetako izen-emate kopurua gainditu du laugarren edizioak.