Gasteizko Udalak 55 pertsonaren negoziorako ideiak babestu ditu 2024. urtean Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailaren Ekintzailetzarako bekak ekimenari esker.
Izan ere, udal gobernu batzordeak onartu du Ekintzailetzarako bekak programaren deialdiaren bigarren fasearen ebazpena, eta, horri esker, Gasteizen negozioa abiatu duten pertsonek laguntzak jasotzen dituzte programa garatzen den bitartean.
"Laguntza lerro honen bidez, kultura ekintzailea eta autoenplegua sustatzen ditugu, gure hirian bizi diren ekintzaileei laguntza ekonomikoa emanez. Horrela, proiektu berriak sortzea bultzatzen dugu", azpimarratu du Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi Maria Nanclaresek.
Oraingoan, 2024. urte osorako aurreikusitako 90.000 euroko zenbatekotik, 52.000 euro jarri dira, eta eskatzaile bakoitzeko bekaren gehieneko zenbatekoa 2.500 eurokoa da.
Laguntzen banaketa lehia konkurrentziako sistema bidez izapidetu da eta, aurten, berritasun gisa, oinarrietan genero ikuspegia integratzeko berdintasun arloko balorazio irizpideak ere jaso dira (baremo osoarekiko %5). Era berean, genero berdintasun arloko betebeharrak eta konpromisoak jasotzen dituzten berdintasuneko klausulak zehaztu dira.
Bada, deialdiaren bi faseak amaitu ondoren, 55 pertsonari lagundu zaie, 28 emakumeri eta 27 gizonri hain zuzen ere. "Diru laguntza horiek 2003an abian jarri zirenetik, guztira 731 pertsonaren negozio ideiak babestu ditugu: 391 emakumezko eta 340 gizonezko", gaineratu du zinegotziak.