Gasteizko Udalak 50 unitaterekin jarriko du martxan bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema datorren urteko udan. Mugikortasun aktiboa eta jasangarria bultzatzeko EH Bildurekin lortutako aurrekontu akordioaren emaitza da proiektua, eta bizikletak kargatzeko lau gunetan kokatuko dira, hain zuzen, Antso Jakituna kalean, Leizaola plazan, Iparralde gizarte etxean eta autobus geltokian.
Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak eta Rocio Vitero EH Bilduko Gasteizko bozeramaileak aurkeztu dute astelehen honetan bizikleta elektrikoen alokairu sistema. Proiektuak 450.000 euroko aurrekontu saila izango du: ekimena aurrera eramateko aurrekontu negoziaziotik datozen 300.000 euro eta Next-Generation Europako funtsetatik heldutako 150.000 euro.
Udal zerbitzu teknikoak baldintza plegua amaitzen ari dira eta aurki aterako da lehiaketara. Kontratuak bost urteko indarraldia izango du, eta gutxienez 50 bizikleta elektriko erosi (birkargatzeko ainguraketa moduluekin) eta lau geltokitan banatuko dira: Antso Jakituna kalea, Leizaola Lehendakaria plaza, Iparralde gizarte etxea eta autobus geltokia. Hain zuzen ere, kokapen horietan intermodalitatea bultzatzen da eta, gainera, bidegorri sarearekin konexio onak dituzte, lau guneak 1,2 eta 1,4 kilometro arteko distantziara baitaude lerro zuzenean.
Proiektua 50 bizikleta elektrikorekin hasiko bada ere, aldizkako ebaluazioak egingo dira kargatzeko guneen eta ibilgailuen eragina, eskaria eta etorkizunean egin daitezkeen zabalkuntzak aztertzeko. Enpresa esleipendunak ezarriko ditu tarifen tipologiak eta ezartzeko beharrezkoa den sistema informatiko eta teknologikoa garatuko du (webgune informatiboa, erregistroetarako APPa, ordainketa sistemak eta abar).
Hain zuzen, sistemaren erabilera arinduko duen aldaketa berrietako bat bizikletak erretiratzeko zein entregatzeko app bat erabiltzea izango da. Erabiltzaileek aplikazioan alta eman eta osorik erabili ahal izango dute, eta, hala, aplikazioak aukera emango die bonu mota aukeratu, bizikleta elektriko bakoitzaren egoera ezagutu edota geltokiak geolokalizatzeko. Azken batean, erabiltzaileentzako komunikazioa eta erabilera erraztea izango da aplikazioaren helburua.