Gasteizko Udalak Erdi Aroko etxarteen historiari buruzko liburu bat argitaratuko du, hiriaren nortasun ezaugarria eta ondarea baitira, eta eremu berezi horiek berreskuratzeko lanen bultzatzailea den Fernando Fernandez Arrikagoitiak idatziko du.
Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren zinegotziak adierazi duenez, "Alde Zaharrean ditugun Erdi Aroko etxarteak dira gure hirian ezkutatuta ditugun bitxi horietako batzuk. Balio historiko eta kultural handia duten arren, gutxik ezagutzen dituzten bitxiak dira".
"Jende askok ez daki existitzen direnik ere eta, ondorioz, garrantzitsua da historia jasotzea eta idatziz gordeta uztea. Hain zuzen ere, liburu hau argitaratzea izango da etxarteei balioa emateko eta ezagutarazteko modu bat", gaineratu du.
Liburua 2025ean argitaratuko da eta Gasteizko liburutegi funtsetan gordeko da. Enkargua Fernando Fernandez Arrikagoitia 'Cibeles' Gaia elkarte ekologistako bozeramaileari egoin dite. Hain zuzen, Gaiak etxarteak edertzeko eta saneatzeko proiektua aurkeztu zuen 2007an, "auzoko bizi kalitatea hobetzeko eta txoko berezi horiei kolorea eta edertasuna gehitu ahal izateko lorategi botaniko eder bihurtzeko".
Etxarteak berreskuratzeko lan horiekin aurrera darraite gaur egun, eta lau besterik ez dira geratzen egokitzeke. Azkena, eta gaur egun lanean ari direna, 'Lamiak' izeneko etxartea da. "'Cibeles' izan da birmoldaketa lan horren alma materra eta, zalantzarik gabe, liburua idazteko ardura hartu behar zuena ere bera zen", adierazi du Artolazabalek.