Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak zortzi bisoi europar askatuko dituzte hil honetan zehar Salburuan. Animaliak itxian hazi dira, espeziea hazteko Espainiako Estatuan abiatutako programaren esparruan.
Lehenbiziko bisoi europarren askatzea ostegun honetan egin da, eta bertan izan dira Saray Zarate Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapeneko eta Jasangarritasuneko diputatua eta Pascual Borja Gasteizko Udaleko Ingurumen Kudeaketako zinegotzia.
Erakundeok jakinarazi dutenez, bisoi europarra galtzeko arrisku "kritikoan" dagoela katalogatu da, bere lehiakide handia den bisoi amerikarraren mehatxuaren aurrean. Zenbatespenen arabera, gaur egun 160 ale baino gutxiago geratzen dira Espainiako Estatuan, "kontserbazio egoera larriaren" erakusgarri.
Arabako Aldundia eta Gasteizko Udalak lankidetzan ari dira 1998tik bisoi europarraren kontserbazio ekintzak egiten eta bisoi amerikarra kontrolatzen, bere presentzia eta naturan ugaltzen ari zela detektatu zenetik. Horrela, bisoi europarra kontserbatzeko lanen eta bisoi amerikarrarentzako tranpa kanpaina arrakastatsuen ondorioz, "Araba bisoi amerikarrik gabeko lurraldea" dela esan daiteke.
Populazioa indartzeko programa abiatu zenetik, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak bisoi europarraren 52 ale askatu dituzte Salburun. Pancorbo, Tozo, Sil, Soria, Sigües edota Seira dira, besteak beste, itxian jaiotako eta aurten Salburuan askatuko diren aleen izenak, eta hiru heldu eta bost kume dira (horien artean bi ama eta haien bi kumeak), azpimarratu dutenez.