Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak hirian Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartu du ostiral honetan. Bere helburua da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta udalarekin bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan komunikatzeko aukera ematea. Plan berria udal zerbitzu, sail eta erakunde autonomoetan aplikatuko da 2027ra arte.

Maria Nanclares Euskara zinegotziak azaldu duenez, "barne mailan udal arlo guztietan eta kanpo mailan herritarrekiko harremanetan euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko helburua lortzen lagunduko digun tresna da plan berria".

Horrela, datozen lau urteetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana ezartzeak berekin ekarriko dituen neurrien artean daude, besteak beste, irudi korporatiboa eta herritarrekiko harremanak, barne komunikazioa, langileen kudeaketa, pertsona juridikoekiko harremanak eta kudeaketa sistemak lantzea.

Era berean, hizkuntza irizpideek finkatuko dute Gasteizko Udalaren jarduneko esparru guztietan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko modu egokia: seinaleen errotulazioa eta kartelak, herritarrekin izan beharreko ahozko eta idatzizko komunikazioak (inprimakiak, aplikazio digitalak eta bide publikoaren erabilera, besteak beste).

Gasteizko Udalak apirilean onartu zuen AROA Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, 2028ra bitarte Gasteizen euskararen erabilera sustatzeko 68 neurri biltzen dituen dokumentua, alegia. Arlo sozioekonomikoa, aisialdia eta denbora librea, hezkuntza, familia transmisioa eta helduen euskalduntzea dira bere oinarrizko jarduera esparruak.

Euskaraldia

Bestalde, Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak GEU Gasteiz elkartearekin hitzarmena sinatzea adostu du, Euskaraldiaren bidez bizitza sozialeko esparru guztietan euskararen erabilera sustatzeko, eta 50.000 euro bideratuko ditu.

11 egunez 'ahobizi' edo 'belarriprest' rola hartzeko aukera ematen die Euskaraldiak parte hartzaileei. Lehenek beti hasten dute elkarrizketa euskaraz, eta hizkuntza hori mantentzen dute euskara menderatzen duten beste batzuekin; bigarrenek, aldiz, haiekin euskaraz komunikatzeko gonbidapena egiten dute, nahiz eta beraiek gaztelaniaz erantzun.

Gainera, Euskaraldian zehar 'arigune' delako guneak ere gaitzen dira, euskaraz komunikatu nahi dutenek bertan euskaraz egin ahal izango dutela bermatzeko.