21 Zabalgunea udal hirigintza sozietateak prestakuntza-saio bat egin du Europako URBANEW proiektuaren esparruan. Saio horretan, Planeta Bizia izeneko txostena aurkeztu da, zeina biodibertsitate globalaren eta planetaren osasunaren arloko joerei buruz dagoen azterlanik osoena baita.

Lehenengo WWFko (natura eta ingurumena defendatzeko nazioarteko erakunde independentea) Kontserbazioko zuzendari eta txostenaren arduradunak, Enrique Segoviak, hitz egin du, eta nabarmendu du natura arrisku larrian dagoela, lurzoruaren erabileren eraldaketak, espezieen ustiapena eta planetaren kutsadura direla kausa.

Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna den honetan Segoviak adierazi duenez, “planeta degradatu batean ez dago etorkizun oparorik”, eta “natura berreskuratzearen aldeko apustua” egin du, “sistema eraldatuz eta CO2 emisioak murriztuko dituen eredu baterantz igaroz”.

"Oso garrantzitsua da gure ekonomia deskarbonizatzea"

“Une honetan, oso garrantzitsua da gure ekonomia deskarbonizatzea, daukaguna mantenduz eta azken hamarkadetan gizakiaren ekintzaren ondorioz hondatu dena lehengoratuz. Une honetan, gizateriaren aztarna ekologikoak lurraren biogaitasuna gainditzen du, eta egoera iraultzeko unea iritsi da”, azpimarratu du.

La mar de gente komunikazio-agentziako arduradun Amaya Asiainek, berriz, “deskarbonizazioa” eta antzeko gaiak eta kontzeptuak herritarrengana modu ulergarrian helarazteko gakoak azaldu ditu.

Haren iritziz, proiektuak garatzerakoan, komunikazioa oso kontuan hartu behar da, herritarrek proiektu horien onurak ulertu eta beren gain hartu ahal izan ditzaten.

“Entzute aktiboko ariketa bat egin behar da zer den garrantzitsua bereizteko eta albiste faltsuen (fake news) edo albiste manipulatuen aurrean noiz gauden ikusi ahal izateko”.

Jardunaldia Europako URBANEW proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu horrek “Hiri adimendunak eta klimaren aldetik neutroak” (NetZeroCities) Europako misioan parte hartzen duten Espainiako hiriak biltzen ditu, zeinak trantsizio ekologikoaren buru baitira: Bartzelona (Bartzelonako Habitage i Rehabilitació Udal Institutua –IMHAB–), Madril, Valentzia (Valencia Clima i Energia), Valladolid, Gasteiz, Sevilla eta Zaragoza. Zazpi hiri horietaz gain, bi erakunde laguntzailek parte hartzen dute partzuergoan: CIRCE teknologia zentroa eta Cesefor fundazioa.