Gasteizko Udaleko ordezkariek Haurren Hiri Laguna aitorpenaren berritzea jaso dute aste honen hasieran Unicef Euskadiren eskutik. Udal arduradunek aitzatespena eskertu dute, eta haurren eta nerabeen eskubideak sustatzen lagunduko duten ekintzak garatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Gasteizko Udalak 2018an lortu zuen Haurren Hiri Laguna aitorpena, Gizarte Politiken Saileko Haurtzaroa eta Senitarte Udal Zerbitzuak urte askoan egindako lanari esker. Bost urte geroago, 2023ko azaroan, Haurren Hiri Lagunen Idazkaritza Iraunkorrak Gasteizen ziurtagiria berritzea erabaki zuen hiriak neska-mutilen eta nerabeen eskubideak sustatzen egiten duen etengabeko lanagatik.
Bada, Joseba Madariaga Unicef Euskadiko batzordeko presidenteak eta Elsa Fuente erakundeko koordinatzaileak astelehen honetan eman die aitzatespena Maider Etxebarria alkateari eta Raimundo Ruiz de Escudero Gizarte Politiken zinegotziari.
Etxebarriak nabarmendu du ziurtagiria berritu izana "albiste ona" dela, "Unicefek berretsi egin baitu Gasteiz haurren eta nerabeen eskubideak betetzearekin lotutako hiria dela". "Hori da udal sail guztietatik lortu nahi duguna: haurren eta gazteen ongizatea une oro kontuan hartuko duten politikak garatzea. Haien beharrak aseta ikustea nahi dugu eta, era berean, hirian eragile aktibo gisa duten rola bultzatzea, esaten digutena entzunez eta haien eskaera eta kezkei erantzunez", azaldu du.
Unicefen arabera, Haurren Hiri Laguna izendatzeak berekin dakar haur eta nerabeek beren eskubideez erabat gozatzeko, parte hartzeko benetako espazioak izateko eta beren ingurune hurbilenean erabat garatzeko ekintzak egitea. Ebaluazioa egin ondoren, Haurren Hiri Lagunen Sareko kide izaten jarraitzeak esan nahi du tokiko gobernuak haurtzaroarekin lotutako bere estrategia ezarri duela eta emaitza onak lortzen ari dela.
Hain zuzen ere, Gasteizko Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak urteak daramatza lanean udal sailei zeharkako ikuspegi komuna emateko, antolatutako ekintza guztietan hiriko haur eta nerabeak kontuan har ditzaten.
Gainera, udaletxean egin den topaketan, bi erakundeek lankidetza hitzarmena ere sinatu dute. Gasteizko Udala Unicefekin lanean ari da duela 25 urtetik, haurren eskubideak gauzatzearen aldeko ekintzak garatzeko hainbat akordio sinatuta. Hain zuzen ere, ziurtagiria berritu izana gazteenen eskubideak defendatzeko zehaztutako bide horren barruan bere gain hartutako beste konpromiso bat da.