Gasteizko Udalak 1.587 zuhaitz berri landatu ditu hirian udazkenean landaketak hasi zituenetik, "itzalgune gehiago izateko, pertsonak babesteko eta azpiegitura berdea indartzeko", Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak iragarri duenez.

Hiriko auzo guztietan egin dira esku hartzeak eta landaketak, egungoak baino garapen handiagoa duten zuhaitzak jarriz, estaldura hobea eta itzal azalera handiagoa lortzeko. "Azkar hazten diren espezieak dira guztiak, eta lehorteari aurre egiteko oso erresistenteak", esan du Artolazabalek.

Adierazi du klima aldaketaren ondorioak ikusten ari direla, hala nola tenperatura altuak, euri jasa handiak edo bat-bateko tenperatura aldaketak, eta hiria "prest" egon behar dela horren aurrean. "Ingurune jasangarriago baterantz egin behar dugu, eta gakoetako bat daukagun azpiegitura berdea da. Azpiegitura berde hori sustatuz, eta horixe bera da egiten ari garena, atmosferara egiten diren CO2 isurketak murriztuko ditugu", ziurtatu du.

Bada, aurreko urteetan bezala, lanen helburua hiriko auzoetako azpiegitura berdea hobetzea da. Horrela, hilabeteotan 1.100 zuhaitz landatu dira ia hiri osoan zehar. Esku hartze ugari egin dira, eta aipagarrienak Mariturri bulebarrean, Mahatma Gandhi parkean, Oto hiribidean, Wellingtongo Dukea kalean, Simon Andan edo Buesa Arenako aparkalekuan izan dira.

"Ia hiriko auzo guztietara iritsi gara. Adibidez, erdialdean eta Salburua-Arkaiate inguruan, falta ziren artelatzak ordezkatu eta 295 zuhaitz landatu ditugu. Eta Errekabarri ikastolan, bertako berdeguneetan itzalik ez zegoen lekuan, beste 17 landatu ditugu", zehaztu du Artolazabalek.

Udazken-neguko landaketa kanpainaren barruan, Gasteizko Udalak Aranbizkarra parkean ari da lanean orain, eta aste honetan 41 zuhaitz landatzeko lanak amaituko dituzte. "Itzal handiagoa behar zuen gunea zela ikusi genuen, pertsonentzako babes handiagoa behar zuena. Gauza bera egiaztatu genuen Arriagako parkean eta Gernikako Arbolan. Bi eremu horietan, guztira 134 zuhaitz landatu ditugu", gainerartu du.

Orain Aranbizkarran egiten ari diren lanekin, Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak amaitutzat joko ditu denboraldiko landaketak. Uda garaian, ureztatzeko eta izurriteen aurkako tratamendua egiteko unea izango da; ondoren, udazkenean, zuhaitzak erosteko eta ondoren landatzeko lanei berrekingo diete.