Izaskun Arrue - Gasteiz Antzokia, Erdi Aroko Hiriguneko Ruiz de Bergara Jauregian kokatua egongo dena, euskarazko aisialdirako, kulturarako eta sorkuntzarako topagunea izango da. Erreferentziazko gune euskaldun berri honek Gasteizen hizkuntzaren erabilera normalizatzen lagunduko du kulturaren bidez. Horretarako, hainbat formatutan antolatuko ditu jarduerak: Kultur jarduerak: kontzertuak, antzerkia, bertsoak, dantza…; prestakuntza-jarduerak: ikastaroak, tailerrak, jardunaldiak…; eta zagutza sustatzeko beste proposamen batzuk: hitzaldiak, erakusketak. Irabazi-asmorik gabeko Lazarraga elkarteak kudeatuko du Antzokia, Gasteizko Udalarekin sinatutako hitzarmen baten bidez. Erakunde horrek Antzokiko azpiegituretako batzuk (hala nola taberna-jatetxea) laga eta alokatu ahal izango dizkio bitarteko bati, jarduera horretatik lortutako diru-sarrerak kultura-proiektua finantzatzeko erabil daitezen. Gainera, Udalak 315.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du urtero kultur proiektua eta programazioa gauzatzeko. Iñaki Lazkanok proiektu honek Araban euskara bultzatzeko duen garrantziaz hitz egin du.

Zein izango da kulturgune berriaren helburu nagusia?

–Badakizu elkarte kultural bat garela, Lazarraga Kultur Elkartea, 2013an sortua. Eta elkartearen helburu nagusia beti izan da Gasteizen euskara ardatz izango duen kultura proiektu bat martxan jartzea, euskara ardatz izango duena eta euskararen erabilera eta sorkuntza sustatuko duena. Horretarako, Gasteizko Udalarekin adostu genuen Gasteiz Antzokia- Euskararen etxea proiektua martxan jarriko zela. Lehenengo fasea Oihaneder Euskararen Etxea izan zen, Montehermoso Kulturgunean, eta zortzi urtez egon ginen proiektu sendo bati egitura emanez. Zortzi urtetan Oihaneder Euskararen Etxetik 65.000 mila lagun baino gehiago pasatu ziren. Ia 10.000 pertsona inguru urtean. Hor pandemia dago tartean, horregatik jaitsi zen pixka bat, baina urtero ia 10.000 pertsona pasatu ziren urtero. Lortu genuen euskararentzako erreferentziazko lekua; jende guztiak zekien euskararen lekua zegoela bertan eta hor hainbat jarduera egiten zirela euskaraz. Eta horrekin jarraitzeko asmoa daukagu kulturgune berrian. Kulturgune berria Izaskun Arrue deituko da. Hala, datorren urteko lehen hiruhilabetekoan zabaltzeko asmoa dugu. Zailtasun asko, arazoak egon dira, proiektua berez urtebeteko atzerapena darama, Gasteizko Udalak prest izan behar zuen aurtengo udazkenerako eraikina baina ez dago prest, eta oraindik ere lizentziekin gabiltza atzera eta aurrera. Hala ere, zailtasunak zailtasun Lazarraga kultuk elkarteak hasiera emango dio proiektuari datorren urteko hasierako hilabeteetan. Oihaneder egiten ziren jarduerez gain bultzatu nahi dugu euskarazko sorkuntza.

Zertan datza zuen proiektuaren garrantzia?

–Oso garbi geneukan hasieratik kulturala landu nahi genuela, eta kulturarik eragin nahi dugula euskararen biziberritzean Gasteizen eta Araban. Gure ustez oso garrantzitsua da kultura eta aisia euskaraz sustatzea ere, euskararen mesederako. Aisialdian gauza asko egin daitezke. Kulturzaleentzat gune euskaldun bat sortu nahi dugu Gasteizen, literatura, musika, antzerkiak eta abar lantzeko, besteak beste.

Zein da zure ustez egun euskararen egoera?

–Gaur egun euskararen egoera duela 40 urteko egoera baino askoz hobea da. Baina zailtasunak ditu. Gasteizen eta Araban ezagutza izugarri igo da. Askoz pertsona gehiagok dakite orain euskara eta badakite hizkuntza. Baina euskararen erabilera ez da proportzio berean igo eta askoz motelago doa. Zailagoa da euskarak kalean bizi duen egoera. Hobetu egin gara, baina erronka handia dugu aurreatik: ezagutza erabileran murgiltzea. Gazteek gehiago hitz egitea euskaraz, ez bakarrik ikasgeletan. Oro har, euskararen egoera antzekoa da Euskal Herrian. Datu kezkagarri batzuk daude euskal leku batzuetan. Batzuetan, immigrazioagatik edo gazteek gaztelaniaz hitz egiteko joeragatik. Ez da ahaztu behar euskara hizkuntza minorizatua dela. Etorkizuna gainditzeko itxaropena izan behar dugu. Hori foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik etorri behar da. Eta jakin behar dugu euskararen erabilera eta gure hizkuntza euskaldunen eskubidea dela. Euskara Euskal Herriko hizkuntza ofiziala dela. Euskaraz ikasi eta hitz egin behar da. Etorkizuna gure esku dago, euskaldunen esku. Euskara bultzatzen jarraitu behar dugu. Erabileraren poderioz, euskalzaleak izanez, eta euskararen aldeko ekintzak bultzatuz. Euskararen egunean dauden horrelako ekitaldiak bultzatu behar dira.