Polizia gero eta femeninoagoa edo, gutxienez, aurreko deialdietan baino polizia emakume gehiago izatea. Duela egun gutxi, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak beste deialdi bat ireki zuen, 212 plazakoa, Euskal Poliziako agenteentzat, eta, deialdi berri horretan, hainbat berrikuntza daude, emakumeak polizian sar daitezen bultzatzeko. Berrikuntza horien artean, nabarmentzekoa da Euskadin egiten den lehen deialdia dela, alturako baldintza kenduta, Euskadiko emakume polizia kopurua handitzeko eta, hartara, plantilletan dagoen desoreka-egoera zuzentzeko helburuarekin.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Josu Erkoreka lehen lehendakariordeak eta Segurtasun sailburuak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta EUDELeko lehendakariak berriki aurkeztu dute Euskal Herriko Poliziaren oinarrizko eskalarako 212 plazako deialdi berria. Azaldu zutenez, berritasunez betetako deialdia da. Izan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren 40 urteko historian lehenbiziko aldiz Ertzaintzako trafiko-unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan sartzeko espezialitatea duten txanda libreko plazak atera dira. Horrela, espezialitatea duten plazen ikasketa-planean, ikasgai-zerrenda komunaz gainera, espezialitate bakoitzeko lanak eta eginkizunak betetzeko beharrezko formakuntza espezifikoa ere eskainiko da.

Gainera, emakumea poliziaren kidegoan sartzeko deialdia ere bada, eta, horregatik, hainbat berrikuntza sortu dituzte emakumeak deialdi honetan parte hartzera bultzatzeko. Deialdi hau da Euskadin altueraren baldintza kenduta egiten den lehenengoa. Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek Euskadin emakume polizien kopurua igotzeko eta, modu horretara, plantilletako egungo desoreka zuzentzeko diseinatutako neurrietako bat da: gaur egun Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen plantilletan % 16,6 dira emakumeak. “Helburu horrekin, deialdiaren oinarrietan emakumeekin bete beharko diren plazen nahitaezko ehuneko bat ere jaso da. Ehuneko hori pixkanaka joango da ezartzen datozen urteotan Ertzaintzan eta Euskadiko udaltzaingoetan, legeak baimendutako gehieneko % 40ra iritsi arte, eta bihar abian jarriko den oposizio-lehiaketan % 35 izango da nahitaezkoa Ertzaintzan eta % 25 Euskadiko udaltzaingoetan”, azaldu zuten Eusko Jaurlaritzatik. Ildo horretatik, Gasteizen egin den oposizio-lehiaketa berriaren aurkezpenean, Josu Erkorekarekin eta Gorka Urtaranekin batera Irune Zabala Basauriko Udaltzaingoko agentea eta Nuria Corral Ertzaintzako Trafiko Unitateko agentea ere izan ziren. Bien presentziaren helburua izan zen Euskadiko emakume poliziak bistaratzea, beste emakume batzuk hautaketa-prozesu honetara aurkeztera bultzatzeko erreferentzia izan daitezen. Euren esku-hartzeetan, biek azpimarratu zuten emakumea kidegoetan sartzearen garrantzia eta premia, euskal polizietan ere berdintasunen aurrera egiten jarrai-tzeko. Azkenik, eta emakumeak Euskal Polizian sartzea sustatzeko lehentasunezko helburuaren esparruan, Josu Erkorekak eta Gorka Urtaranek gizarteari zuzendutako deialdi berri honen kanpaina aurkeztu zuten, emakumeak aurkeztea sustatzeko eta emakumeek plantilletan duten presentzia eskasa hautaketa-prozesutik bertatik zuzen-tzen jarraitzeko helburuarekin diseinatu dena.

Zenbakiak

Guztira, 127 plaza atera dira Ertzaintzarako. Ertzaintzaren oinarrizko eskalako 27. Plaza horiek guztiek Ertzaintzaren nahitaezko 1. hizkuntza-eskakizuna dute (Europako esparruko B2), Ikerketa Kriminala espezialitateko 50. Plaza horietatik 40k dute Ertzaintzaren nahitaezko 1. hizkuntza-eskakizuna eta bide Segurtasuna espezialitateko 50. Plaza horietatik 40k dute Er-tzaintzaren nahitaezko 1. hizkuntza-eskakizuna. Bestalde, Euskadiko 31 udaletako udaltzaingoetako oinarrizko eskalarako 83 plaza atera dira. Gehienek Administrazio Publikoko nahitaezko 2. hizkuntza-eskakizuna izatea eskatzen dute. Lehenbiziko aldiz txanda libreko 100 plaza deitu dira Ertzaintzako Bide Segurtasuneko eta Ikerketa Kriminaleko espezialitateetarako.