Haurrak hazi, hezi, irakatsi eta laguntzeko ardura gurasoena da, aitarena zein amarena. Baina, batzuetan, errealitateak erakusten du emakumeek osatzen dutela modu aktiboenean haurren hezkuntzan eta hazkuntzan. Hain zuzen ere, aitei laguntzeko eta haiei prestakuntza emateko, Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak seigarren urtez jarraian antolatu du Gure seme-alaben hazkuntzarako eta heziketarako gurasotasun arduratsua eraikitzen.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, guztira, tailerrak zortzi saio izango ditu, bakoitza bi ordukoa. Hilaren 7, 14, 21 eta 28an eta martxoaren 7, 14, 21 eta 28an izango dira saioak, 18:30etik 20:30era, Salburuko Gizarte Etxean (Bratislava hiribidea, 2). Informazio gehiago emateko, hilaren 17an hitzaldi informatiboa ospatu zen Salburuko Gizarte Etxean, 18:30ean. Posta elektronikoz ere informazio gehiago jaso daiteke: eskolahh@vitoria-gasteiz.org helbidean. “Tailer honekin gizonek adingabeen heziketan eta zaintzan erantzunkidetasuna izateko aurrerapausoak eman nahi ditugu, gogoetaren eta trebakuntzaren bitartez”, adierazi zuen Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultur zinegotziak tailer hauen aurkezpenean. Aurten ospatuko den edizio berri honen bidez, Gasteizko Udalak emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna bultzatzen eta laguntzen jarraitu nahi du. Hain zuzen, Estibaliz Cantok erantsi zuenez, “hezkuntzan eta adingabeen zaintzan gizonek duten erantzunkidetasunerantz aurrera egitea da kontua”. Helburu hori lortzeko, tailerrak hainbat tresna eskainiko dizkie gizonezkoei, eta haurren hazkuntzarekin eta hezkuntzarekin zerikusia duten hainbat gairi buruzko hausnarketa ere egingo da. Hartzaileei dagokionez, 0 eta 3 urte bitarteko haurren guraso edo tutoreei zuzendutako tailerra da, Udalaren eta Haurreskolak Partzuergoaren haur eskoletan matrikulatuta badaude. Programak bost ardatz ditu. Lehenengoan, gurasotasun tradizionala eta balioen transmisioa berrikusiko dira; bigarrenean, jaiotzaren ostean etxean dagoen antolaketa landuko da; hirugarrenean, aitek beren seme-alaben hazkuntzan duten garrantzia nabarmenduko da; laugarren atalean, emozioen kudeaketa eta lotura afektiboa landuko dira, eta azken ardatza eran-tzunkidetasunaren eta norberaren errealizazioan oinarrituko da.

Beste edizio batzuk

Orain arte egin diren aurreko edizioetan (sei guztira), ikasturte honek arrakasta izan du Arabako herritarren artean. Izan ere, tailer hau 12 edo 15 lagunentzat da, baina edizio batzuetan gurasoen kopurua handitu egin da, herritarren arteko interesagatik. beraz, aurten ere, Hezkuntza eta Kulturako zinegotziak animatu zituen haur jaioberriak dituzten guraso guztiak, eta hiru urte arte, tailer horietan apuntatzera, beren seme-alabak modu aktiboan hazteko hainbat tresna izan ditzaten. Tailerrean hainbat gai jorratuko dira. Adibidez: zaintzaren kontzeptu zabala, kultura-egokitzapenak eta aiten zain-tza-aukerak, aitatasuna eta maskulinitatea familian eta ingurune hurbilean eta aitatasunaren eragina balioen transmisioan, erantzukizunarekin batera, besteak beste, Gasteizko Udaletik azaldu zutenez.