Basque Circular Hub zentroak erreferentzia dira Espainiako estatuan eta Europako hegoaldean, eskaintzen dituzten zerbitzuen arabera zentro bakartzat hartzen baitira. 2030eko Ekonomia Zirkularreko Estrategiaren helburuak betetzea du helburu ekimen honek, eta euskal industriaren lidergoa indartzea ahalbidetzen du. Eta Gasteiz Basque Circular Hub berri baten egoitza izango da, Arabako industriarako zerbitzuekin.

Hala, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek atzo inauguratu zuten Arabako hiriburuan Basque Zirkular Hub-en egoitza berria. Euskadiko ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroa da. Honako erakunde hauen arteko lankidetza-akordioari esker zabaldu ahal izan da egoitza berria: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Ihobe sozietate publikoaren bidez; Gasteizko Udala; Deustuko Unibertsitatea; Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU); Mondragon Unibertsitatea; Tknika, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa; eta Novia Salcedo Fundazioa. Egoitza berri honen aurkezpenean politikariek baloratu zutenez, Eusko Jaurlaritzaren helburu sendoari esker lortu da akordio hau, enplegua sortzearekin batera ekonomia suspertzen lagunduko duten tresnak prestatzeko konpromisoari esker. Era berean, zentro honen beste helburu nagusietako bat euskal enpresa-sarea lehiakorrago bihurtzea eta modernizatzea izango da. Hain zuzen, Barredo sailburuordeak esan zuenez, gaur egun, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak “baldintzarik onenak” dituzte ekonomia zirkularraren eskualde eragilea izateko. “Eusko Jaurlaritzak konpromiso irmoa hartu du ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea erraztuko duten eta, aldi berean, euskal enpresa-sarea modernizatu eta lehiakorragoa egingo duten tresnak gaitzeko. Basque Circular Hub zentroaren Gasteizko egoitza berri hau irekitzeak sendotu egiten du gure apustua”, adierazi zuen Barredo sailburuordeak, eta, erantsi zuenez, “Euskadik, une honetan, baldintzarik onenak ditu ekonomia zirkularra eragingo duen eskualdea izateko; gaur egun, jarduera hori Euskadiko barne-produktu gordinaren %1,12 da, eta 18.000 pertsonari baino gehiagori ematen die lana”. “Gasteizko zentro berri hau mugarri bat izango da hiri berdetik ekonomia berdera igarotzeko. Gasteiz erreferente izaten jarraitzen du jasangarritasunean oinarritutako gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-jardueretan, eta zirkulartasunaren arloan ere erreferente izan nahi du, Europako politikekin bat egingo duen estrategia propio eta zehatzarekin”, erantsi zuen Gorka Urtaranek. “Klima-neutraltasuna eta ekonomia-lehiakortasuna ezinbestekoak dira herritarren ongizaterako. Merkatu ekonomikoan lehiakorra izan nahi baduzu, jasangarritasunaren arloan ere lehiakorra izan behar duzu, eta Gasteizeko zentro berri hau zirkulartasunaren erronkan funtsezko laguntza izango da Euskadiko enpresa eta industrientzat”, ondorioztatu zuen.

Basque Circular Hub zentroak –Bilbokoa, 2021eko martxoan inauguratua, eta Gasteizko berri hau– erreferente dira Estatuan eta Europako hegoaldean, eta “bakarrak dira eskaintzen dituzten zerbitzu motei esker: merkatu-prospektiba, prestakuntza aurreratua, joeren analisia eta ekonomia zirkularraren arloko ezagutza adituaren sorrera”, azpimarratu zutenez Gasteizko Udaletik. Ekimen hori Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategiaren 2030eko helburuak betetzeko tresnetako bat da, eta, eredu jasangarriagoak eta zirkularragoak lortzeko bidean, euskal industriaren lidergoa indartzea ahalbidetzen du. Orain, “Arabako enpresek beren lehiakortasuna hobetzea helburu duen zerbitzu-zorro zabala izango dute, eta, zerbitzu horien bidez, beren ekoizpen-sistemetan prozesu zirkularrak txertatu ahal izango dituzte”, azpimarratu zuten iturri berberek. Bestalde, Gasteizko Hub zentroak Gasteizko Udalari aholkuak emango dizkio Ekonomia Zirkularrerako 2030eko Estrategia zehazteko eta horren ondoriozko ekintza-planak finkatzeko.

Ekonomia Zirkularra

Zentro hori Zaramaga auzoan dago, eta Arabako enpresa-sarean ekonomia zirkularreko proiektu teknikoen garapena sustatu nahi du, Huben bertan trebatutako profesional gazteen partaidetzarekin. “Zaramaga auzoan dagoen zentro honetatik, Arabako enpresa-ehunean ekonomia zirkularreko proiektu teknikoak gara daitezen sustatuko da, Hub zentroan bertan trebatutako profesional gazteen partaidetzarekin. Horrez gain, Arabako enpresek ekonomia zirkularra beren prozesuetan integratzeko ezagutzak dituzten gazte adituen laguntza izango dute”, azpimarratu zutenez. Era berean, Gasteizko Basque Circular Hub zentroa Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia zirkularraren behatoki gisa jardungo du. Hori dela eta, negozio-aukera berriak atzemateko zaintza estrategikoko lanak egingo ditu, negozio emergenteetarako ibilbide-orriak egingo ditu eta industria-sektoreetara egokitutako zaintza-txostenak egingo ditu. “Ekintzailetzaren arloan, proiektuen diseinuan lagunduko du eta unean-unean eskura dauden laguntzak eskuratzeko moduari buruzko orientabideak emango ditu”, ondorioztatu zutenez.