Euskararako eta ikastolem jairik garrantzitsuenetariko baten beste edizio bat itzuliko da; covid-19ak ezarritako muga eta murrizketarik gabeko edizioa. Datorren larunbatean, hilak 19, Araba Euskaraz jaiarem 42. urteurrena izango da, eta atzo goizean egin zen prentsaurrekoan eman zituzten jai horren xehetasunak Ikastolen Elkarteak.

“Duela berrogeita bat urte ospatu genuen lehenbiziko Araba Euskaraz, hemen, Gasteizen, Olarizun. Berrogeita bigarren Araba Euskaraz Olarizura itzuliko da hamaregun barru. Orduan bezala, ekainaren 19an ere, Arabako ikastolok elkarrekin antolatzen ari gara Araba Euskaraz”, azaldu zuten. Hala, zortzi ikastola dira Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egin dute, Argantzun ikastolaren alde. “Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, Trebiñu baitugu zortzigarren alaba”. Arabako zortzi ikastoletan txikiena da Argantzun ikastola. 2003. urtean sortua, “gogoz, ilusioz eta lan handia eginez” ari da Trebiñu euskalduntzeko ibilbidea egiten. “Txikiena eta bereziena ere bada Argantzun ikastola. Euskara ofiziala ez den eremuan, Arabaren bihotzean baina Araba ofizialetik kanpo, hamaika eragozpeni aurre egin behar izan dio. Baina, egun, trebiñuar familia askoren hautua da euren seme-alabei hezkuntza euskaldun eta eraldatzailea eskaintzeko”. Izan ere, edizio berri honen helburu nagusietako bat Trebiñu ere Araba dela esatea da, eta eskola hau haurren eta familien artean euskararen erabilera bultzatzeko egiten ari den ahalegina agerian uztea. Hori dela eta, gainerako ikastola guztiak elkartu dira, helburu honekin bat egiteko.

Zehazki, Argantzun ikastolak 2003ko urriaren 27an ireki zituen ateak. Ordurarte etxean edo Trebiñutik kanpoko beste haurtzaindegiren batean zain egondako 11 familiak osatu zuten lehenbiziko promozioa. Urtez urte, handituz joan zen ikastola, eta Haur Hezkuntza osoa osatu zutenean, 40 ikasle izatera iritsi ziren. Hortik aurrera, kopuru horretan mantendu dira, 40 eta 50 ikasle artean. Eta pixkanaka aurrera joan dira, Haur Hezkuntza eskaintzetik Lehen Hezkuntza ere eskaintzera igaro ziren, 2016an, eta 2019an Sagastietara eraman zuten Lehen Hezkuntza, alokairuan hartutako eraikin batean. “Hanka bat Trebiñun eta bestea Sagastietan, ikastola hazteko bidea aurkitu zuen Argantzun ikastolak. Aurten, guztira 68 ikasle dituzte eta oso ikasturte berezia da ikastolarentzat, 6. mailako lehen ikasleak ikastolatik aterako direlako eta horrela Lehen Hezkuntzako etapa osoa lortuko duten lehenengo urtea izango delako”, azpimarratu zuten.

Datorren astean

Olarizura itzuliko da Araba Euskaraz. Gasteizko Eraztun Berdean kokatua, hiriaren hegoaldean, 120 hektarea betetzen ditu orotara. “Zuhaitzez eta milatik gora landare espeziez hornituta, egun pasa ederra egiteko aukera ematen du, eta jaia ospatzeko leku paregabea da”, adierazi zuten. Hala ere, nabarmentzekoa da Araba Euskaraz datorren igandean egingo dela, baina ez da egun bakar bateko jaia. Egun hori jai handia izango da, baina ikastolek hainbat ospakizun desberdin antolatu dituzte urte osoan, Araba osoan euskara bultzatzeko eta herritarren artean hizkuntza hori indartzeko. Hala, eta ildo beretik, antolatzaileek azaldu zutenez, “argi genuen ez zela egun bakarreko jaia izango. Aitzitik, ikasturte osoan, zortzi ikastoletan, Araba zabalean, jarduera eta ekitaldi desberdinak antolatu ditugu. Urte osoko jarduna izan da, beraz, eta Araba Euskaraz eguna, urte osoari bukaera emango dion jai eguna izango da”. Jai horiek guztiak zortzi ikastetxeen artean prestatu eta antolatu dira, eta guztien artean lanak eta betebeharrak banatu dira, lana errazagoa izan dadin. Hain zuzen, Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Roberto Gonzálezek, esan zuenez, oso lan atsegina izan da, eta asko gozatu dute. “Zortzi ikastoletan sortu ditugu batzorde desberdinak eta lanak banatu ditugu: material salmenta, TANTA zozketa, babesle-laguntzaileak, publizitatea, segurtasuna, urte osoko ekimenak, eguneko egitaraua, muntaketa,.. Guztia ilusio handiz egin dugu, bi urtez Araba Euskaraz guk nahiko genukeen moduan antolatu ezinik aritu eta gero, indarberrituta gatoz Arabako ikastolen egun handi eta berezi honekin. Famila eta lagunarte giroan ospatzeko jaia izatea nahi dugu, euskara belarrietan eta ahoan dugula ospatu nahi dugu, euskal kulturari eta euskarari eskaini nahi diegu Gasteizko txoko eder eta paregabe hau”, adierazi zuen. Egunari berari dagokionez, 10:00etan hasiko da.

“Olarizuko Etxaldean egingo ditugu Hasiera eta Omenaldi ekitaldiak. Ordutik aurrera, Olarizu parkean prestatu ditugun hiru guneetan egun osoko egitaraua prestatu dugu. 11:00etan hasiko dira, eta 19:00ak bitarte askotariko ikuskizunak izango ditugu hiru gune horietan”, ondorioztatu zuen.

Xehetasunez

l Esaldia. “Duela berrogeita bat urte ospatu genuen lehenbiziko Araba Euskaraz, hemen, Gasteizen, Olarizun. Berrogeita bigarren Araba Euskaraz Olarizura itzuliko da hamaregun barru. Orduan bezala, ekainaren 19an ere, Arabako ikastolok elkarrekin antolatzen ari gara Araba Euskaraz”, azaldu zuten. Hala, zortzi ikastola dira Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egin dute, Argantzun ikastolaren alde. “Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, Trebiñu baitugu zortzigarren alaba”. Arabako zortzi ikastoletan txikiena da Argantzun ikastola. 2003. urtean sortua, “gogoz, ilusioz eta lan handia eginez” ari da Trebiñu euskalduntzeko ibilbidea egiten. “Txikiena eta bereziena ere bada Argantzun ikastola. Euskara ofiziala ez den eremuan, Arabaren bihotzean baina Araba ofizialetik kanpo, hamaika eragozpeni aurre egin behar izan dio. Baina, egun, trebiñuar familia askoren hautua da euren seme-alabei hezkuntza euskaldun eta eraldatzailea eskaintzeko”. Izan ere, edizio berri honen helburu nagusietako bat Trebiñu ere Araba dela esatea da, eta eskola hau haurren eta familien artean euskararen erabilera bultzatzeko egiten ari den ahalegina agerian uztea. Hori dela eta, gainerako ikastola guztiak elkartu dira, helburu honekin bat egiteko. Egunari berari dagokionez, 10:00etan hasiko da, atzo bertako antolatzaileek azaldu zuten bezala.