Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) martxoko industriaren produkzioa aurreko urteko hilabete berekoa baino %2,1 txikiagoa izan da, lan egutegiko balio homogeneoetan. Aurreko hilabetearekin alderatuta, berriz, industriaren jarduerak %1,6ko jaitsiera izan du, urtaroen eragina zuzendu ondoren, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.

Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, kontsumo ondasunen produkzioak urtetik urterako %5,7ko jaitsiera izan du martxoan, ekipo ondasunen produkzioak %0,8ko igoera, bitarteko ondasunen produkzioak %3,9ko murrizketa, eta energiaren produkzioak %2,9ko hazkundea.

Maila bereiziagoan, EAEko industrian pisurik handiena duten sektoreen artean, makineria eta ekipamendua (-%8,0), garraio materiala (-%3,2) eta elikagai industriak, edaria eta tabakoa (-%2,7ko jaitsiera) taldeen produkzioetan izan dira urtetik urterako jaitsierarik handienak. Aitzitik, kautxua eta plastikoak sektorean produkzioak %3,4ko igoera izan du urtetik urtera, eta material eta ekipamendu elektrikoa sektorean %2,3koa.

Azkenik, lurralde historikoka, industriaren produkzioaren indizearen urtetik urterako bilakaera negatiboa izan da Araban eta Gipuzkoan (-%3,4 eta -%3,6, hurrenez hurren), eta Bizkaian, berriz, positiboa izan da, %0,1eko hazkundearekin.

Azkenik, beste gai batzuekin jarraituz, Arabako Landa eta Garaioko hondartzek Bandera Urdina izango dute uda honetan ere, hau da, ingurumenaren kalitatea eta bainurako guneetako zerbitzuak aitortzen dituen europar bereizgarria. Modu honetan, hondartzok 11 urtez jarraian jaso dute aintzatespena, Arabako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.

Ingurumen Hezkuntzako Europako Fundazioak eman die aitorpena Arabako hondartzei, beren uren kalitateagatik, garbitasunagatik, irisgarritasunagatik eta beren zerbitzuen kalitate eta informazioagatik. Baldintza horiek urtez urte berrikusten dira, eta berriro egiaztatzen dute Europako bereizgarriak eskatzen dituen kalitate estandar handienak betetzen direla.