Etekin ekonomia topaketen 2026. urteko edizioko lehenengo saioa egingo da asteazkenean, martxoaren 25ean, Donostiako Aquiariumean, eta, besteak beste, Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak parte hartuko du.

Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, saioa 09:00etan hasiko da, eta datozen hamarkadetan konputazio kuantikoak finantzetan, industrian edo zibersegurtasunean irekiko dituen aukera berriei buruz hitz egingo dute, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzak finantza entitateekin lankidetzan egindako egitasmoa da Etekin, eta bere helburuak dira ekonomia eta finantza gaien hausnarketa sustatu eta harremanetarako bilgune bat sortzea. Bankoa Abanca, CaixaBank, Ekonomisten Euskal Elkargoa, Finantzen Euskal Institutua, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa antolatzaileetako ordezkariak bertaratuko dira, besteak beste, eta Aitor Bergarak (EHU Quantum Center), Maialen Agirrek (Berrikuntza-Eusko Jaurlaritza) eta Joseba Lakak (Tecnalia) hartuko dute parte, azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzatik egindako prentsa ohar baten bitartez.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Eusko Jaurlaritzatik azpimarratu duten bezala, topaketak finantza eta ekonomia arloko sareak sendotzea bilatzen dute eta gaian interesa duen edonori irekita daude, eta Jaurlaritzak eta finantza entitateek euskara biziberritzeko sinatutako hitzarmenean dute jatorria.

Bestalde, Gasteizko XV. Ganbera Zikloa jarriko da martxan igandean, martxoaren 29an, eta aurten ere programazio berezia eskainiko du, ekoizpen propioan eta hiriko egitura musikalaren sorkuntzan oinarritua. Aurtengo denboraldian zortzi kontzertu izango dira urrira bitarte, XVI. mendetik gaur arteko errepertorio musikalean zehar ibilbidea eskainiko dutenak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egitarauak proposamen "berritzaileak eta ez konbentzionalak eta originaltasunagatik harrigarriak diren egituren talde instrumentalak" aurkeztuko ditu, eta omenaldia egingo die J. C. Arriagari eta G. Kurtagi, haien mendeurrenak direla eta.

Zikloa Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan egiten da 2012tik, eta, Sonia Diaz de Corcuera, Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, adierazi duenez, "bikaintasun artistikoa, programazioan berrikuntza eta jendearentzat irisgarria izango den kultur espazio egonkorra sendotzea du helburu".