Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ekonomia zirkularra sustatzeko duten aliantza indartu dute. Horretarako, bi lankidetza-hitzarmen berri sinatu dituzte, prestakuntza, ikerketa aplikatua eta Gipuzkoako produkzio-sarearekiko lankidetza indartzeko. Sinadura Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ekonomia Zirkularreko Gelan egin da, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru-diputatua buru duen bisita instituzional batean, EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Juana Goizuetarekin batera. Sinadura ostean agintariek eskolako Motostudent proiektua ezagutu dute gertutik.
Bisitan, Asensiok nabarmendu duenez, “ezagutzaren, zientziaren eta erakundeen arteko lankidetzaren aldeko apustua da Gipuzkoan eraikitzen ari garen trantsizio ekologikoaren oinarria. 2020an sortu zenetik, Ekonomia Zirkularraren Gela eta babesten ditugun ikerketa proiektuak gizarte gisa behar dugun aldaketarako hazia dira”.
Juana Goizuetak azpimarratu duenez, “EHU herritarren zerbitzura dago, eta ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako gizartea eraikitzeko lan egiten du. Horregatik, bere gain hartzen du trantsizio ekologikoak gaur egun duen erronka erabakigarria. Ekonomia Zirkularreko Gelari eta gaur Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan biltzen gaituen ikerketa proiektuari laguntzea funtsezkoa da jasangarritasunerantz aurrera egitea ahalbidetuko duten tresnak sortzeko”.
Alde batetik, Ekonomia Zirkularreko Unibertsitate-Enpresa Gela garatzeko hitzarmena sinatu dute Asensiok eta Iker Laskurain Ingeniaritza Eskolako zuzendariak. Aldundiak 6.000 euroko ekarpena egin du. Ikasgela hori unibertsitate-eremuaren eta Gipuzkoako produkzio-sarearen arteko lankidetzarako gunea da, eta talentu gaztea, prestakuntza espezializatua eta ekonomia zirkularraren erronken eta aukeren inguruko ikerketa-lanak sustatzera bideratuta dago.
HITZARMENA
Hitzarmenak, besteak beste, honako ekintza hauek jasotzen ditu: ekonomia zirkularrean zentratutako jardunaldiak, saioak eta eztabaida-foroak batera antolatzea; sektoreari lotutako gradu eta master amaierako lanak garatzea; ikasleek lurraldean eragina duten benetako proiektuetan parte hartzea; edo emaitzak argitalpen eta ingurune digitaletan zabaltzea.
Azken helburua ikasleen enplegagarritasuna hobetzea, ikerketa aplikatua sustatzea eta ezagutza akademikoaren eta Gipuzkoako produkzio-ekosistemaren beharren arteko zubiak eraikitzea da.