Finantzen Euskal Institutuak (FEIk) 10 milioi euroko finantzaketa-akordioa sinatu du gaur ULMA Taldearekin, euskal kooperatiba horren inbertsio-plana bultzatzeko.
Inbertsio-plan horrek material jasangarriak fabrikatzeko instalazio bat eraikitzeko proiektua jasotzen du, baita fabrikazio-teknologia aurreratuak sartzea ere, energia-kontsumoa murriztea, produkzio-prozesuak optimizatzea eta horien energia-efizientzia indartzea ahalbidetuko dutenak.
ULMA Taldea bederatzi industria-kooperatibak osatzen dute. Kooperatiba horiek 5.747 pertsonari ematen diete lana. 2024an 1.151 milioi euroko salmenta konpilatuen bolumenarekin, euskal mugimendu kooperatiboaren kasu arrakastatsu bat da. Mugimendu horrek mundu osoko 81 herrialdetan du presentzia eta 63 urte ditu merkatuan. Sortu zenetik, bere negozioak eta jarduerak hazteko eta dibertsifikatzeko etengabeko ildoari eutsi dio, bere ingurunearekin konprometitutako gizarte- eta enpresa-proiektu bat bultzatzearen ikuspegitik.
ULMAren bederatzi negozioak erreferentzia dira askotariko industria-sektoreetan, eta eraikuntzarako soluzioak, packaging-makinak eta biltegi adimendunak eskaintzen dituzte, besteak beste. ULMA Taldearen azken apustu berritzaileak adimen artifiziala aplikatzen du osasunaren arloan, gaixotasun batzuk goiz detektatzeko.
Akordio honen bidez, FEIk hazkunde handiko proiektuen eta enpresa traktoreen finantzaketa babesten jarraitzen du, lurraldean ekimenen errotzea sustatzeko, horien hazkundea eta dibertsifikazioa ahalbidetzeko, baita lurraldeko hornitzaileen garapena eta trebakuntza ere.
2009an bere jarduera hasi zuenetik, FEIk ia 700 milioi euro eman dizkie zuzeneko finantzaketan Euskadikoko 400 enpresa baino gehiagori, eta gaur egun 190 milioi eurotik gorako aktiboa du formalizatutako maileguetan, arriskua finantza-erakundeekin partekatuta batez ere.
Finantza-eragile izateaz gain, FEI Eusko Jaurlaritzaren finantza-politikako tresna da, eta Jaurlaritzaren politikei lotutako finantza-tresnak sortzea eta kudeatzea dagokio. Era berean, partaidetza publikoa duten finantza-jarduketen koordinazioaz eta ezagutza orokor zentralizatuaz arduratzen da, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzaren finantza-partaidetzen titulartasuna du, hainbat tresnatan, kudeaketa pribatu edo publikoko tresnetan, enpresa ez-finantzarioen finantzaketa edo sustapena errazteko helburuarekin.
Finantzaketa-akordio hau ULMA Taldeak ICOrekin eta Europako Inbertsio Bankuarekin duela gutxi sinatutako beste batzuei gehitu behar zaie.