Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren produkzioa %4,4 murriztu da martxoan aurreko urteko hil beraren aldean lan egutegiko baldintza homogeneoetan, eta %1,3 aurreko hilaren aldean, urtaroen ondorioak zuzendu ondoren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.
Industriaren produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera negatiboa izan da EAEko hiru lurralde historikoetan. Horrela, industriaren ekoizpena % 2,5 jaitsi da Gipuzkoan, %4,1 Bizkaian eta %8,6 Araban.
ONDASUNEN HELBURUA
Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, kontsumo ondasunen ekoizpenak urte arteko portaera positiboa izan du martxoan eta produkzioa %1,1 hazi da. Ekipo ondasunen ekoizpena, aldiz, %2,2 jaitsi da aurreko urteko martxoaren aldean, eta bitarteko ondasunena %7,2. Energiaren ekoizpena %5,0 igo da martxoan aurreko urteko hil beraren aldean.
Energiaren ekoizpena %5,0 igo da martxoan aurreko urteko hil beraren aldean
Maila bereziagoan, EAEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, energia elektrikoa, gasa eta lurruna (%5,0) eta makineria eta tresneria (%0,7) azpisektoreek soilik izan dute hazkundea ekoizpenean martxoan. Aitzitik, produkzioaren urte arteko beherapen handienak metalurgia eta produktu metalikoetan (-%9,6) eta kautxu eta plastikoetan (-%5,8) izan dira.
Bestalde, industriaren produkzioaren indizea %1,0 murriztu da EAEn 2025. urteko lehenengo hiru hilabeteetako metatuan.
Lurraldeen arabera, 2025eko lehen hiru hiletako metatua balantze positiboarekin itxi da Gipuzkoan, ekoizpenaren %0,5eko igoerarekin; Bizkaian eta Araban, berriz, ekoizpena %1,2 eta %3,3 jaitsi da, hurrenez hurren, aurreko urteko aldi metatu beraren aldean.
Azkenik, martxora arteko ekoizpen metatua %1,4 igo da kontsumo ondasunetan eta %1,1 ekipo ondasunetan; bitarteko ondasunek, aldiz, bilakaera negatiboa izan dute, produkzioa % 3,6 jaitsi baita aurreko urteko aldi metatu berarekin alderatuta, eta energiak %2,9 egin du behera.