URA Uraren Euskal Agentziak Nerbioi ibaiaren ahalmen hidraulikoa handitzeko lanak amaitu ditu, Laudioko (Araba) hirigunea ur goraldietatik babesteko helburuarekin. Inbertsioa 4,2 milioi eurokoa izan da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren finantzaketarekin, eta lanak bukatzeko 24 hilabete behar izan dira.

Egindako lanak egiaztatzen egon dira astelehen honetan Laudioko Elizalde kaleko zubiaren inguruan Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Josu Bilbao Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea, Asier Lopez Etxebarria URAko zuzendari nagusia eta Ainize Gastaka Martinez Laudioko alkateak.

Bada, Nerbioi ibaiaren ahalmena handitu ahal izateko, ohantze harritsua zulatu eta ertzak luzetarako defentsekin egokitu behar izan dira (esaterako, harri lubetak edo horma bertikalak), Baias kalearen eta Bide Zaharren arteko 1.338 metroko tartean. Jarduketa horri esker, 100 urtera arteko errepikatze denborako uhaldien emariak ohiko ibilguan jasoko dira (438 m2/s).

Oro har, obrek ibaiaren sekzioa handitu dute ibaiaren hondoko kota jaitsiz 1.338 metroko tarte horretan; horretarako, metro bateko sakonerako inguruko indusketak egin dira. Ondorioz, ibilguetan eta ertzetan egin diren indusketen bolumena 55.250 metro kubo ingurukoa izan da, hau da, obrako 5.525 kamioiren baliokidea.

Jauregik azpimarratu duenez, "Laudio, herritarrak eta jarduera ekonomikoa uholdeetatik babesteko ekintza garrantzitsu bat amaitzen dugu gaur. Nerbioi ibaiaren ibilgua handitzea, Altzarrateko zubi zaharra ordezkatzea eta San Juan erreka berregokitzea ekarri dituen jarduketa integral baten azken urratsa da gaurkoa. Guztira, 7,25 milioi euroko inbertsioaz ari gara, uholdeen aurkako erresistentzia nabarmen hobetzeko".

Era berean, Gastakak ziurtatu du lanek Laudiori "etorkizun handia" ekarriko diotela, "gure herria Nerbioi ibaiaren inguruan eraiki zelako, herrigunean natur txoko batez gozatzeko aukera emanez". "Orain, gure aldetik, obra hauek HAPO zirriborro berrian arautzea dagokigu, Laudioko etorkizuna eta hazkundea bultzatzen jarraitzeko", gaineratu du.