Eustatek landutako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-produkzioa %0,1 jaitsi zen 2023ko azaroan, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta eta lan-egutegiaren termino homogeneoetan. 2023ko lehenengo hamaika hilabeteetan metatutako produkzioa aurreko urteko aldi metatuan ikusitako produkzioa baino %0,3 txikiagoa izan zen.
Aurreko hilbetearen aldean (2023ko urria), Euskal Autonomia Erkidegoko industri jarduera %0,3 hazi egin zen, urtaroen eragina zuzendu ondoren.
Ondasunen xede ekonomikoaren arabera, Bitarteko ondasunetan produkzioaren urte arteko %0,8ko jaitsiera egon zen. Kategoria horretan sartzen dira metalurgia eta metalezko produktuen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxo eta plastikozko produktuen fabrikazioa.
Kontsumo-ondasunek ere urte arteko joera negatiboa izan zuten 2023ko azaroan, produkzioa %2,5 murriztu baitzen sektore osoan. Jaitsiera hori Kontsumo-ondasun iraunkorren portaerari zor zaio, non altzarien eta etxeko tresnen fabrikazioak, besteak beste, %6,5eko murrizketa izan zuen. Kontsumo-ondasun ez iraunkorren produkzioa, bestalde, %1,6 jaitsi da. Azken horien artean daude elikagaiak prozesatzeko eta kontserbatzeko jarduerak, garbiketarako eta higienerako produktuen edota farmazia-produktuen fabrikazioa eta jantziak egitea.
Energiaren produkzioak ere behera egin zuen 2023ko azaroan, %7,2 aurreko urteko hil beraren aldean. Sektore honetan sartzen dira petrolioaren fintzea eta energia elektrikoaren ekoizpena eta hornidura.
Ordea, Ekipoko ondasunen produkzioa %4,0 igo zen aurreko urteko azaroarekin alderatuta. Horretan sartzen dira ibilgailu motordunen fabrikazioa, tren-makinen eta tren-materialen eraikuntza eta aeronautikaren edo itsasontzien eraikuntza.
Euskal AEko industriako pisurik handieneko sektoreen artean, urte arteko hazkundean, Makineria eta ekipoa (%9,6) eta Garraio-materiala (%1,1) izan dira nagusi. 2023ko azaroan jaitsierarik handienak izan dituztenak, berriz, hurrengoak izan dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (%6,6) eta Metalurgia eta Produktu metalikoak (%3,0).