BBVAk eta Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatu dute BBVAren enpresa-, familia- eta erakunde-funts dokumentalak gordailutzeko, zaintzeko eta zabaltzeko
Chávarri familia, Gandarias, Lezama-Leguizamon, Sota, Ansótegi edota antzeko enpresa edo familien funtsak dituzten 1.200 kutxa inguru jaso ditu Euskadiko Artxibo Historikoak BBVArengandik
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Marta Alonso BBVAren lurralde-zuzendariak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute BBVAren Artxibo Historikoaren "enpresa, familia eta erakunde mailako" dokumentu-funtsen ezagutza eta hedapena sustatzeko.
Hitzarmenaren helburua da funts horiek sustatzea eta jendearen eskura jartzea, Euskadiren historia hobeto ezagutzeko, herrialdearen garapen ekonomiko eta industrialetik abiatuta. Gainera, gaurtik hasi eta 2024ko maiatzaren 5era arte, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, “Bizkaiko historia ekonomikoaren ikuspegi bat (1857-1905)” erakusketa egongo da ikusgai, BBVAren ondare historiko, dokumental eta artistikoaren adibide nabarmenekin.
Zehazki, BBVAk Euskadiko Artxibo Historikoari lagako dizkio funtsak, XVII. mendetik XX. mendera bitarteko dokumentazioa duten 1200 bat kutxatan, epe luzerako gordailuan. Euskadiko Artxibo Historikoak, batetik, BBVAk hasitako katalogazioarekin eta digitalizazioarekin jarraituko du, eta historialarien, ikertzaileen eta euskal gizarte osoaren eskura jarriko ditu, ezagutu eta azter ditzaten. Funtsen artean, Chavarri, Gandarias, Lezama-Leguizamon, Sota, Ansótegi edo MacLennan enpresen agiriak daude.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eskerrak eman dizkio BBVAri Euskadiko historiko zati handi bat zaindu izanagatik eta bestetik, Euskadiko Artxibo Historikoariengan bere funtsak gordetzeko jarritako konfidantzagatik. “Lagapen honek balio historiko handia dauka, gure herriaren historian industria eta garapen ekonomikoa garapen sozialaren eskutik etorri baitira. Funts hauek gure historia hobeto ezagutzeko balioko digute”, esan du Zupiria sailburuak.
Bestalde, Marta Alonso BBVAren Lurralde zuzendariak "Bilbok eta Euskadik BBVArentzat duten garrantzia" azpimarratu du, "hiri honek urteetan zehar lortu duen garapen garrantzitsua islatzen baitu, gaur egun dena bihurtu arte, teknologia edo kultura bezalako esparruetan erreferentea den hiria". "Gaur beste urrats bat emango dugu Euskal Herrian dugun apustu kulturalean, Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmen honi esker, Bizkaian egoitza duen BBVA Artxibo Historikoa, Estatuko lehen banku-artxibo historiko pribatua, eta BBVA Bilduma, euskal artearen onenetakoa, proiektu kultural bakar batean bateratuz", gaineratu du.
Erakusketa
Akordioaren arabera, BBVAk Euskadiko Artxibo Historikoan gordailutuko ditu 4 urtez Enpresa, Familia eta Erakunde Funtsak, eta, aldi berean, BBVAk hiru erakusketa antolatuko ditu Euskadiko Artxibo Historikoan Bizkaiko Historia Ekonomikoari buruz, 1857tik gaur egunera arte. Erakusketa horiek BBVA Artxibo Historikoaren eta BBVA Bildumaren piezez osatuta egongo dira, eta lehen erakusketa hitzarmen hau sinatzearekin batera inauguratuko da.
Lehen erakusketa hau sei ataletan antolatuta dago, bakoitza dokumentu, argazki, objektu eta artelanen bidez ilustratua. Material horrekin ibilbide kronologiko bat proposatzen da, Banco de Bilbaoren sorreratik hasi eta gerora Banco del Comercio sortu zenetik Banco de Vizcayaren sorrerara artekoa, horiek guztiak funtsezkoak baitira Euskadiko jarduera ekonomikoaren funtsa ulertzeko. Erakusketak Manuel Losada, José Echenagusia edo José Arrúe Valleren lanak biltzen ditu, baita maketak, Banco de Bilbaoren fundazio-eskritura, zirkulazioan inoiz jarri ez ziren Castellóko 100 errealeko billete-sorta bat, idazmakinak edo balio historiko handiko dokumentuak ere.
Temas
Más en Economía
-
Euskadi propone ayudas excepcionales por la crisis arancelaria y reforzar en la UE salvaguardas comerciales
-
El Gobierno vasco impulsa un HUB de Industrialización de la Vivienda y anuncia un certificado oficial para 2026
-
Euskadi reduce su brecha salarial de género al 12,81% en 2023, cuatro puntos desde 2022 y casi diez respecto a 2018
-
EH Bildu pide celeridad para que Vitoria pueda limitar los precios del alquiler