- Bizkaia eta Gipuzkoako baxura flotako arrantzaleek aurreko urtean baino hegaluze gehiago harrapatu ahal izango dute aurtengo arrantzaldian. Izan re, Europako Batasunak onartu du espezie honen harrapaketa muga %12,5 handitzea 2021. urterako. Erabaki hau, ICCATek (Atlantikoko Atuna Zaintzeko Nazioarteko Batzordeak) laister onartuko duen gomendioan oinarrituta dago. Gauzak horrela, ICCATen behin betiko erabakiaren zain, 37.801 tona hegaluze arrantzatu ahal izango dira aurten Atlantikoko uretan, aurreko urtean baino 4.201 tn gehiago. Kopuru horren zatirik handiena Europako Batasuneko arrantza flotari dagokio, 28.355 tona hain zuzen ere. Espainiako banderapean arrantzan egiten duen flotak 17.704 tona hegaluze arrantzatu ahal izango ditu, aurreko urtean baino 1.392 tona gehiago. Frantziako Atlantikoko ontziek 5.568 tonako kuota izango dute eta Irlandako flotak 3.141 tonakoa.
ICCATek urteko batzar nagusian ezartzen ditu hurrengo urterako harrapaketa mugak eta kuotak. 2020 urtean baina, nazioarte mailako erakunde honetako ordezkariek bilera birtualak bakarrik egin ahal izan dituzte pandemiak eragindako krisiaren ondorioz. Gauzak horrela, ICCATek behin-behineko erabakia hartuta dauka hegaluzearen gainean eta behin betirako ebazpena hartzea baino ez zaio falta. Gainera, erakundeko biologoek egin dituzten azken ikerketek garbi erakusten dute espezie honen stockaren egoera osasuntsua dela. Beraz, urte honetarako harrapaketa mugaren onarpenak ez du oztoporik izango. "Eusko Jaurlaritzan pozik gaude hegaluzearen harrapaketa mugak %12,5eko igoera izango duelako aurten. Baliabidea ondo dago eta garrantzi handia dauka gure arrantzaleentzat. ICCATen behin betiko erabakiaren zain gaude. Igoera honek euskal arrantza-sektorea eta baxurako flota indartzeko balioko du, hegaluzearen arrantzaldia baita arrantzaleen diru iturri nagusia" adierazi du Leandro Azkuek, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak.
Hegaluzearen harrapaketa mugaren igoera albiste ona da euskal arrantzaleentzat. Izan ere, azken urteetan espezie honen arrantzaldia nahi baino goizago eten behar izan dute kuota agortuta.
Aurreko urtean, Espainiako Gobernuak abuztuaren 18an agindu zuen hegaluzearen arrantzaldiaren amaiera, kuota agortzear zegoela ikusita. Ondorioz, euskal baxura flotako ontziek porturako bidea hartu eta utzi egin behar izan zioten hegaluzea arrantzatzeari, harrapaketak oso onak ziren arren. Inoizko hegaluzearen arrantzaldirik laburrena izan zen 2020koa. "Azken urteetan garbi geratu da gure kuota nahi baino txikiagoa dela eta ez dituela gure beharrak hasetzen. Itsasoan arrain asko egon arren, kuota agortu egiten dugu eta porturako bidea hartu behar izaten dugu halabeharrez. Aurtengo kanpainarako ICCATek onartu duen igoerak ez du arazoa guztiz konponduko baina arrantzaldia luzatzen lagunduko digu" adierazi dute euskal kofradietatik.
Europako Batasunaren erabakiaren jatorria ICCATen proposamenean dago. Planteamendu hori batzorde zientifikoaren gomendioetan oinarritu da, eta AZTI zentro teknologikoak hegaluzeari buruz egindako ikerketa-lanak hartu ditu kontuan. AZTIk ibilbide sendoa du itsas eremuan, eta ordezkaritza eta lidergoa du arrantza-jarduera arautzen duten nazioarteko foro zientifiko nagusietan, hala nola ICCATen eta Indiako ozeanoa kudeatzen duen batzordean, IOTCn.
Hegaluzearena urteko arrantzaldirik garrantzitsuena da baxura flotako arrantzaleentzat. Gipuzkoa eta Bizkaiko ontziek 8.968.639 kilo hegaluze harrapatu zituzten 2020an, Espainiako kuotaren %55,14 hain zuzen ere.
Getariako portuak jaso du hegaluze gehien Euskal Herrian, ia 3.100 tona hain zuzen ere. Hondarribiko kofradian 2.764 tona hegaluze saldu dira aurten, 927 tona jaso ditu Bermeoko portuak, 837 Ondarroak, 203 Pasaiak eta 42 Lekeitiok. Guztira, 7.924 tona hegaluze saldu ziran iaz Euskadin.
Arrainaren balioa 28.6 milioi eurokoa izan zen eta hegaluze kiloaren bataz besteko prezioa 3.61 eurokoa izan zen.