Araban zesta-puntan jokatu nahi izan duten neska-mutilek ez dute bat ere erraza izan azken bi urte eta erdian. 2019ko abuztuan hasi ziren Mendizorrotzako Beti Jai kirolgunearen lanak, ondoren pandemia iritsi zen eta jarduera faltaren ondorioak nabarmendu egin dira.

Gauzak horrela, Gasteiz Jai Alai Arabako zesta-puntako klub garrantzitsuenak «ditugun neska-mutil guztiek joko-maila onargarria izatea eta ia txapelketa guztietan parte hartzea» du helburu, esan du Jon Zarandonak, klubeko presidenteak, eta, azken bolada honetako trabak pairatu arren, «pozik» dagoela adierazi du, «geldirik ez gaudelako». «Hasieran ezkorrak ginen, hainbeste denbora geldirik egon ondoren, baina kirolari talde oso jatorra dugu, eta , babes handia ematen digun familia talde bat ere bai». «Egun, Gasteizen eskolan 31 neska-mutil izatea garaipen bat da. Konfiantza dugu taldearengan eta aurrera egingo dugu», gaineratu du.

Gaur egun, zesta-punta egiten duten 26 mutil eta neska bat daude klubean, eskola mailan, eta beste 5 gazte mailan. Zortzi eta hamazazpi urte bitarteko 31 neska-mutil hauek astearte eta ostegunetan entrenatzen dute eta asteburuetan, normalean larunbatetan, lehiaketa desberdinetako partidak jokatzen dituzte. «Eskolarteko Liga, Promozioa, Euskadi Txapelketa, Xisterak — zesta-puntako kluben kluba dena— antolatzen dituen txapelketak€», azaldu du Zarandonak. Gainera, klubean «maila pixka bat dutenak kanpora atera daitezen jokatzera, aukera ona baita beste saski-puntista batzuk ikusteko eta hobetzeko» egiten da lan. Durango, Noain edo Markina, irteera horien artean egon ohi dira.

IKASTEKO

Zesta-punta ikasteko eta praktikatzeko sarbidea erraza da. Gasteiz Jai Alai klubari mezu elektroniko bat bidali,gasteizjaialai@gmail.com,

helbidera edo astearte eta ostegunetan, 18: 00etatik 21: 00etara, Olabera joan eta bertan galdetu. Probatzera animatzen denak bi aste ditu horretarako. Kaskoa eta saskia klubak berak emango dizkie. Jarraitzera animatzen denak izena ematen du Aldundian, eskola-kirolean parte hartu ahal izateko, eta pixkanaka ikasten hasiko da.

«Arabako Pilota Federazioarekin batera, diziplina hori sustatzen dugu zenbait ikastetxetan, eta ditugun gazteen artean batzuek gurasoek edo senideren batek jokatzen zutelako jokatzen dute», azaldu du Zarandonak. Txikienek xisterarekin probatzera animatzen duten beste bide bat beste ume batzuk jolasten ikustea da, deigarria gertatzen baitzaie.

«Duela bi hilabete bi gaztek ikusi gintuzten larunbat batean jokatzen, harmailak irekita zeudelako. Ikusitakoak zirrara sortu zien eta probatu nahi zutela esan ziguten. Probatu zuten, asko gustatu zitzaien eta€ hemen ditugu», azaldu du presidenteak ilusioz. Zentzu horretan, klubeko arduradunak aitortu du Gasteizko Udalaren araudia, harmailak itxita edukitzera behartzen duena, ez zaiola batere ondo etortzen ari saskira eta, oro har, pilotara. «Ikus gaitzaten behar dugu, lehen aipatutako bezalako neska-mutilak gehiago egon daitezen, kirola hau probatzeko jakin-mina pizteko€ baina astegunetan ateak itxita jokatzen eta entrenatzen ari bagara, oso zaila da», adierazi du.

«Lehen, gazte asko joaten ziren igerilekura edo haien familiekin egoten ziren kafetegian, eta zarata entzutean, bokata jaten zuten harmailetan, eta ikusten gintuzten, eta hori zaletasuna pizteko eta mantentzeko modu bat zen. Gaur egun hori ez da posible», deitoratu du.

GAZTEENAK

Txikienak probatzera hurbiltzea funtsezkoa da Jon Zarandonarentzat, argi baitu, behin probatuz gero, geratu egiten direla, «Abiadura eta jestuak gustukoak dituzte eta umeak nahiko azkar jabetzen dira haietaz». «Hasieran, badirudi beldur pixka bat ematen duela, baina, gero, barruan zaudenean, nozio gutxi batzuekin eta teknika apur batekin, berehala hartzen da, eta nahiko azkar has zaitezke jokatzen».

Hurrengo urratsak teknika garbitzea eta kantxan behar bezala mugitzea izango dira. Klubera sartzen direnetik, teknika jolasetan eta modu atseginean hartzea da helburu nagusia. Ildo horretan, Zarandonak deitoratu egin du jokatzera animatzen diren neskak gehiago ez izatea, urteetako eskarmentuak erakutsi baitio «neskak mutilak baino askoz pilotariagoak izaten direla eta kirol honetan proiekzio izugarria izaten dutela».

«Gutxi daude, eta gauden gutxi horiek, ezer gutxi jokatzearekin, joko maila ikaragarrietan jartzen dira, hemen garrantzitsuena teknika baita, ez nork ematen duen indartsuago. Nahiz eta oso indartsua izan, pilota ondo jartzen ez baduzu€», amaitu du presidenteak.