Taylor Jones pibot amerikarraren fitxaketarekin itxi du Lointek Gernika Bizkaiak 2025-2026ko denboraldirako taldea. Texasko unibertsitatetik dator, eta azken denboraldian partidako 11.9 puntu, 6.9 errebote eta 1.9 txapel egin ditu batez beste, klubeko iturriek jakinarazi dutenez.

Jones fitxatuz, Gernikako taldeak 12 jokalari izango ditu datorren denboraldirako: Laura Westerik, Ane Olaeta, Naia Zubiaga, Angela Salvadores, Emily Bessoir, Esther Castedo, Masa Jankovic, Joy Adams, Sarah Polleros, Esther Matarranz, Cameron Williams eta Taylor Jones.

1.93 metroko altuerarekin, Taylor Jonesek Dallas Christian School-en hasi zuen bere ibilbidea saskibaloian. NCAAren arreta erakarri zuen berehala eta azkenean Oregon State unibertsitatean sartu zen. Bere lehen ikasturtean, PAC12 konferentziako defentsa eta 'freshman' boskoterik onenean sartu zuten, unibertsitateko marka hautsi baitzuen lehen urtean txapel kopuruari dagokionez.

Hiru denboraldiren ondoren, eta lesio bat tarteko, Jones Texasko unibertsitate ospetsuan sartu zen 2022-2023ko kanpainan, eta funtsezko jokalaria izan zen Texasek egin zuen denboraldi bikainean, NCAAko Lauko Finalera iritsiz.

Taylor Jones "gogotsu" agertu da bere kirol ibilbidea Lointek Gernika Bizkaian jarraitzeko. "Lointek Gernika Bizkaiarekin bat egiteko eta Malosteko zaleak ezagutzeko gogo handia dut, nire taldekide eta staffekin batera datorren denboraldiko helburu guztiak lortzeko", adierazi du.

Era berean, Lucas Fernandez taldeko entrenatzaileak nabarmendu du jokalari amerikarrak aurrera egiteko eta hobetzeko tartea duela. "Bere jokoan sendotasuna eta fidagarritasuna erakusten duen jokalaria da. Gainera, kantxako bi aldeetan errebotea lantzeko bere gaitasuna elementu diferentziala da", esan du.