Athletic Clubek eta Unai Simonek lau denboraldirako luzatu dute bien arteko kontratua ostiral honetan, eta horrela, atezain arabarrak 2029ko ekainaren 30era arte jokatuko du talde zuri-gorrian. Gainera, kontratu berriak ez du etete klausularik.
Bilboko klubak bere webgunean argitaratu duen ohar batean nabarmendu duenez, "26 urterekin, atezain ikonikoak fideltasuna erakusten duen pauso berri bat eman du bere ibilbide profesionalaren gailurrean".
Kontratu berria izenpetzeko ekitaldia San Mamesen egin dute, eta, jokalariarekin batera, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez futbol zuzendaria ere izan dira bertan.
Sinatze ekitaldiaren ondoren Unai Simonek adierazi duenez, "munduko atezainik onena izatea gustatuko litzaidake, baina klub honetako kide izanda. Uste dut hori oso anbiziotsua dela". "Badakigu zaila dela hemen tituluak irabaztea, baina, behin lortuta, Kopan gertatu bezala, guretzat ez ezik, zaleentzat ere gauza zoragarria da, bakarra, eta uste dut merezi duela beste klub batzuetan irabaztea baino", nabarmendu du.
Gainera, kontratua etete klausularik gabe berritzea "maila honetara iristen lagundu didan jendeari eskerrak emateko modu bat" dela" azpimarratu du. "Oso pozik nago Athleticen eta eskerrak emateko modurik onena hemen egotea da, klubak nahi duen arte. Berdin dio zein talde datorren, nire ideia hemen egotea da", gaineratu du.
Murgiatik (Araba) kadete mailan iritsi zen Unai Simon Lezamara. Sei denboralditan 194 partida jokatu ditu eta "bere etengabeko hobekuntzak San Mameseko ateko zaindari gisa mantentzera eraman du".
Gainera, Espainiako selekzioan partida gehien jokatu dituen laugarren futbolari zuri-gorria da (39), Joseba Etxeberria, Jose Angel Iribar eta Julen Guerreroren atzetik. Aurki bere bigarren Eurokopa jokatuko du, Munduko Txapelketa batean ere izan da, eta 2023ko Nazioen Liga irabazi zuen