Euskaltel-Euskadi taldeak Boucles de La Mayenne itzulian ekingo dio berriro lasterketei Frantzia aldean, ostegun honetatik igandera bitarte jokatuko diren lau etapatan, Jon Aberasturi lider dela etapen lehian.

Aberasturirekin batera, Iker Bonillo, Xavier Cañellas, Xabier Isasa, Andoni Lopez de Abetxuko eta Unai Zubeldia dira Frantziako itzulia lehiatuko duten beste bost txirrindulariak, Santi Barrancoren kirol zuzendaritzapean.

Aberasturi izango da taldeko erreferentzia etapa garaipenak lehiatzeko, eta inguruan ordekan oso ondo moldatzen den multzo bat izango du. Txirrindulari arabarrak hirugarren postua erdietsi zuen Hungariako Tourreko etapa batean eta bigarrena Pays de la Loire Tourreko beste batean.

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunak adierazi du Aberasturiren sasoi ona aprobetxatu nahi dutela etapak lehiatzeko eta, "zergatik ez, irabazteko". "Lehenengoa eta hirugarrena dira bere azkartasunaren ezaugarrietara ondoen egokitzen direnak", gaineratu du.

Halaber, esan du sailkapen nagusia ez dutela baztertzen, aitzin-etapa txirrindulari indartsuentzat baita, eta bigarrena, gogorra bada ere, aldapa laburrak baititu, eta Aberasturik "ahalmena du horiek gainditzeko". "Edonola ere, parte hartzea kontuan izan beharko dugu. Bera dena emateko prest da eta Loireren antzeko itzuli batean 11. amaitu zuen", adierazi du.

5,4 kilometroko erlojuoeko atarikoarekin hasiko da lasterketa Laval hirian. Lehen etapak ibilbidea bihurria du baina esprinta izango dela espero da; bigarrenak, berriz, Côte de la Égoutellesen inguruko azken bost itzuliekin (1.800 metro %6,5ean), gogorrena da, ia 3.500 metroko desnibela baitu. Hirugarrena eta azkena aproposa da esprintean erabakitzeko.

Guztira, 22 taldek hartuko dute parte, WorldTour mailako zortzik, ProTeam mailako hamarrek -Euskaltel-Euskadi tartean- eta lau Kontinental. Gainsariak 10, 6 eta 4 segundokoak dira helmugetan eta 3, 2 eta 1ekoak tarteko esprintetan.