Euskal zinema iparraldera zabalduz
Zinegin zinema festibala euskaraz egindako ikus-entzunezko lan desberdinen topaleku bihurtuko da beste behin azaroaren 20tik 23ra bitarte, Hazparnen. Aurten bere 14. edizioa ospatuko du, ‘Karmele’, ‘Jone, batzuetan’ eta ‘Faisaien irla’ bezalako filmak zein Akelarre eta Lurdes Iriondo kantariaren inguruko lanak, besteak beste, Iparraldean erakusteko helburuarekin
Zinema, bere sorkuntzatik, beti izan da aisialdian gozatu daitekeen zaletasunik erakargarrienetakoa. Denboran zehar ohitura zabalduenetako bat izan da pelikulak ikustea pantaila handian, nahiz eta azken urteetan hauek kontsumitzeko moduak aldatzen joan diren pantaila txikiagoetara. Baina, horrez gain, zinema industriak garrantzia handia izan du beti, istorio desberdinak, urruneko errealitateak edo mundua ikusteko modu desberdinak ezagutarazteko balio izan duelako. Denbora luzez Estatu Batuetako kultura gailendu da beste guztien gainetik, beraiek sorturiko lanen bitartez. Hala ere, eta zorionez, euskal industria txiki bat burua altxatuz joan da poliki-poliki, hainbat film sortuz Euskal Herrian; gehienbat hegoaldean. Lan hauek iparraldean ere ezagutarazteko, duela 14 urte, zine jaialdi txiki bat sortu zen, eta aurten edizio berri bat ospatuko du: Zinegin festibala Hazparnen egingo da azaroaren 20tik 23ra, euskal zinemaren onena batuko duen jaia bilakatuz.
“Zinegin festibala sortu zen euskarazko filmak Iparraldean erakusteko helburuarekin. Hegoaldean ekoizpen handiago zegoen, baina filmek ez zuten muga pasatzen. Zinegin zubi hori egiteko helburuarekin sortu zen beraz”, festibaleko antolatzaileek adierazi dutenaren arabera. Denbora luzez, garaian ekoizten ziren filmak ez ziren oso komertzialak edo nazioarteko enpresek ez zituzten oraindik horrela kontsideratzen. Hori dela eta, jaialdiko kideak ekoiztetxeekin edo zuzendariarekin jartzen ziren harremanetan, eta nahiko erraz lortzen zuten filma. Denbora igaro ahala, komertzialtasun hori handitzen joan da, bere alde on eta txarrekin. “Gaur egun Irati edo Karmele bezalako filmak ekoiztu daitezke eta hori esker-tzekoa da. Gainera, ildo beretik segituko du hegoaldean zinemaren laguntzak emendatzen baitira. Baina, bere alde txar bat komertzialtasuna hori bera izan da. Joan den urtean, adibidez, Azken Erromantikoak programatzea lortu genuen. Baina, horretarako filmaren nazioarteko saltzailearekin harremanetan jarri behar izan genuen, eta asko tematu entzunak izateko. Haiek Frantzia mailako banatzaile bat atzeman arte ez zuten filma hedatu nahi Frantziako lurraldean. Eta gu, festibal ttipia izanik, edo hobeto erranda, ez aski garrantzitsua, zaila zaigu haien atentzioa lortzea”. Egoera hauei guztiei aurre eginez, orokorrean, euskal zinemagintzan dibertsitate handiagoa atzematen dela diote urtez urte. “Lan potoloak, ttipiagoak, dokumentalak, fikzioak, esperimentalak,... daude. Halere, Iparraldean, gure iduriko euskarazko zinemak ez du aski tokirik eta aukerarik izaten. Ea ondoko urteetan gauzak hobetzen diren!”.
Egitarau anitza
Zinegineko lan taldeak dioenez, aurtengo egitaraua oparoa da: “aurten bildu dugun nektarrak badu gustu eta airean dantzatzeko gogoa ere eman digu. Ondorioz, pantailan nahiz zuzenean, hainbat kantu eta musikaren oihartzunak ozen en-tzunaraziko dizkizuegu”. Besteak beste, Karmele, Jone, batzuetan, edo Faisaien Irla bezalako filmak egongo dira ikusgai. Horrez gain, Lurdes Iriondo kantariaren inguruko lana, eta Akelarre zein Enarak musika talden kontaketak ikusi ahalko dira. Musika munduarekin jarraituz, larunbat gauez emanaldi berezi bat izango da Ttattola gaztetxean, Alba taldearekin, Panda Valium eta Ke Lepo & Felix Buff-erekin batera. Azken egunean, berriz, Zinebilera barruan jasotako film labur sortak emango dio amaiera jaialdiari. Lan desberdinen sortzaileek beraien sormenak babestuko dituzte aurkezpenetan, “beti interesgarria da zuzendariaren ikuspuntuaren izatea sorkuntza prozesua hobeki ulertzeko eta anekdotaren bat entzuteko” beraiek azaltzen dutenez.
Zinegin festibala urtez urte bere txikitasunetik handitzen doan festibal bat da eta aurten, modu berezi batean, garrantzia eman nahi izan diote Euskal Herriko euskalki desberdinei, hauek erraz uler daitezen, azpidatziak jarriz pelikuletan. “Materiala oso manera klasikoan tratatzen dugu: filmen DCP-ak eskatzen ditugu, hau da, zinemetan emateko artxibo mota bereziak. Aurten azpimarratzekoa da euskarazko azpidatziak agertzearekiko indarra egin dugula. Hau da euskara entzuten delarik euskarazko transkripzioak ager daitezen. Iparraldean pertsona batzuk ez dira eroso sentitzen hegoaldeko euskalkiekin, beraz, garrantzitsua iruditzen zitzaigun irisgarritasun horri indar egitea. Azkenean, euskara ikasten dutenen-tzat oso erabilgarria den zerbait izanen da”.
Etorkizunari begira, hegoaldean zinemaren osasunak hoberantz egin badu ere, iparraldean egoera arras desberdina da. “Gaur egun ez dago lagun-tzarik filmak egiteko Iparraldean. Lekuko erakundeek gaia eskuetan hartu dute eta gauzak plantan ezar-tzeko grina dute. Baina Hegoaldeko politika ez bezala, Frantziako gobernuak kulturaren aurrekontua asko jaitsi nahi luke eta hala bada, egin diren hausnarketa eta dinamikak desegingo dira”. Erabaki hauen guztien ondorioa argia eta nahiko larria ere bada: “Kultura eta euskal mundua (Zinegin ekimena barne) arriskuan izango dira”. Horregatik garrantzi-tsua da kultura sormen txiki hauenganako bultzada, euskal zinema, era batera edo bestera, mugaren bi aldeetan zabal dadin.