Amaiur Goikoetxea (Altsasu, Nafarroa, 2001) eta Ekain Alegre (Altsasu, Nafarroa, 2001) Altsasuko Musika Eskolan ezagutu ziren. Alegrek gitarra ikasketak egiten zituen bertan; eta Goikoetxea, aldiz, piano eskoletara joaten zen. Urteak igaro ahala, instrumentuak jotzen jarraitu zuten, eta 2020an elektrotxaranga baten jotzen hasi ziren. Denborak aurrera egin ahala, Alegreri autotune-a probatzeko gogoa piztu zitzaion; eta, azkenik, 2023an Ganibet taldea osatu zuten.
Autotunea erabiltzen hasi zenean, nahiko kritikatua izan zen. Joera hori aldatu dela esango zenukete?
Amaiur Goikoetxea: Nik baietz esango nuke. Bere garaian aldaketa bat izan zen, instrumentu berri bat zelako. Hori baliatuta, musika komertzial ugari sortu zen. Jendeak, nolabait, beldurra zion aldaketari eta horrek eragina izan zuen. Gaur egun, ordea, onartuago dago. Halere, oraindik asko kritikatzen da: erraza dela, edonork erabil dezakeela… baina ez dut uste txarra denik edonork erabiltzeko aukera izatea. Izan ere, gai dena gai da, eta ez dena, ez da.
Besteak beste, musika elektronikoa egiten duzue. Berrikuntzarako bide gisa, agian?
Ekain Alegre: Bai. Uste dugu betiko moldeak ondo daudela, baina hortik haratago badaudela musika egiteko beste modu batzuk. Jendeak musika komertziala egiteko modu gisa ikusten zuen elektronika, baina formula hori musika ez komertziala egiteko ere erabili daiteke. Azken finean, ez dira zertan baliatu Euskal Herrian ohikoak diren formatu klasikoak, musika hortik haratago doa.
Sakanan gitarra doinuak nabarmen-tzen direla aipatu duzue sarritan. Hori dela eta, zaila egin al zaizue bertako publikoa erakartzea?
A.G: Guztiz kontrakoa izan dela nabaritu dut. Jendea ohituta zegoen horrelako taldeetara, eta ezberdina izatearren, hoberako edo okerrerako, jendeak entzun gaitu. Uste dut jendeak ondo hartu duela aldaketa edo berrikuntza hau.
E.A: Jendea hasieratik gure kontzertuetara etorri zen zerbait berria en-tzuteko asmoz, zer egiten genuen jakin gabe. Alde horretatik, pozik gaude izan dugun harrerarekin.
Oro har, euskal abesti tradizionalen bertsio elektronikoak sortzen dituzue. Beraz, esango zenukete formula honekin publikoak kantuekin aurretiazko lotura duela?
A.G: Errazagoa da publikoak aurretik ezagutzen duen kanta baten bitartez ezagun egitea. Nik uste dut nostalgiari esker jendeak ondo har-tzen dituela bertsioak edo kantu zaharrekin osatutako kantak. Betiko abesti klasikoak nolabait modu ezberdin batean entzuteko modu bat da; uste dugu polita dela kanta horien bertsio gaurkotuak entzutea.
Etorkizunera begira, abestien bertsioak sortzen jarraituko duzue edo abesti originalak sortzera joko duzue?
E.A: Bertsio gehiago dauzkagu kon-tzertuetan jotzen ditugunak, baina erabaki genuen hiru abesti propio kaleratzea. Mugarri bat izan da. Hortik aurrera, abesti propioak kalera-tzen jarraitu nahi dugu, aldi berean, kontzertuetan bertsioen presentzia murriztuko dugu. Ez dugu bertsioak egiten dituen talde bat izan nahi, baizik eta musika originala egiten duen talde bat.
Lehenengo eta azken aldiko kontzertuen artean nolabaiteko bilakaerarik nabaritu duzue emanaldiei eta publikoari dagokionez?
A.G: Pila bat. Hasieran, Ekain eta ni mikrofono batekin geunden bass-aren gainean biok abesten, eta martxoa-apirila aldera hori aldatu genuen. Oraindik ez dugu aurkitu Ganibeten berezko izaera, baina bilakaera horren bitartez Ekain gitarra jotzen hasi zen, beste tresna batzuk erabiltzen hasi ginen… Pixkanaka eszenatokian konfiantza hartzen joan gara, eta egiten dugunarekin gozatzen ari gara. Eszenatokian nabaritzen da lasaitasuna eta gustura gaudela, eta publikoa taldea ezagutzen doan heinean, erosoago sentitzen gara ikusleen jarrerarekin. Harreman polita sortu da zuzenekoetan taldearen eta publikoaren artean.
Aurreko urtean Gaztea Maketa Lehiaketako finalera iritsi zineten eta aurten oholtzara igotzeko aukera izan duzue. Nola bizi duzue Ganibeten ‘boom’ azkarra?
E.A: Nik uste dut oraindik ez dugula asimilatu. Atzera begira jarrita, ez du zentzurik. Dena den, nahiko naturalki bizi dugu oraingoz. Prozesu bat izan da, pixkanaka eman dena; zortea izan dugu eta nahiko azkar lortu dugu nonbaitera iristea.
Uda honetan hainbat kontzertu eskaini dituzue: Arrigorriaga, Algorta, Bera… Nolakoa izan da esperientzia?
E.A: Nahiko polita izan da. Uda norabide zehatzik gabe hasi genuen, baina asteak pasa ahala, ikusi dugu jendea gurekin konektatzen hasi dela, baita abestiak ikasten ere. Honek gure abestiengan konfiantza irabazteko balio izan digu.
A.G: Gainera, ikusi dugu ikusleak kon-tzertuz kontzertu errepikatu direla.
Elektro musikaz gain, beste musika generoren bat lantzeko asmoa duzue?
E.A: Ondo legoke, baina momentuz honetan ari gara, agian etorkizun batean beste musika mota bat egingo dugu. Ez dakit zein genero egingo genukeen…
A.G: …kunbia adibidez.