Galdu izan, behatuz putzu horren sakonera, aintzindari, agintari, belzten ditu iturriak…”. Harresia kanta hasi bezain pronto entzuleak Inbasioak deituriko diskoaren ibilbidea jarraitzen du, Ekhi Lambert (Irulegi, Nafarroa Behera, 1990) musikariak eta abeslariak argitaratutako bigarren diskoarena, hain justu.

Lamberten lehen diskoan, Hausturan, Yoan Aroztegui eta Miguel Etcheverry musikariekin egin zuen lan, doinuak gitarra akustikoarekin sortuz, perkusio eta teklatuarekin bat. Bigarrenean, aldiz, 30 musikari ingururekin lan egin du, haien artean, Joseba Irazoki, Ludovic Leriche eta Oiasso kamerata soka orkestrarekin, besteak beste.

Bi lanen arteko ezberdintasun nagusia konposizioan dagoela adierazi du Ekhi Lambertek: “Hausturan dena hiruron artean egin genuen; oraingo honetan, aldiz, idazketa lan handiagoa egin dut”. Hala ere, musikariek interpretatzeaz gain, bakoitzaren proposamenak kontuan hartu zituela eta musika “ida-tzi estrukturatuan” txertatu zituela azpimarratu du. 

Lamberten aburuz, diskoaren ibilbidea inbasio ezberdinez osatuta dago: “Inbasioaren abiapuntua estetika zehatz batetik ez abiatzea da, nire influentzia guztietaz baliatuz eta berria den zerbait sortzeko aukera emanez”. Influentzia ba-tzuek beste batzuk inbaditzen dituzte: popa, rocka, musika orkestrala…

Lamberten arabera, joera hau ere hizkuntzaren eremura zabaltzen da, lehen diskoan abesti guztiak euskaraz idatzi baitzituen; bigarrenean, aldiz, frantsesez eta euskaraz. “Uste dut euskara eta frantsesa ez direla nahiko nahasten; hortaz, hizkuntza batez baliatu nahi nuen bestea emendatzeko”, azaldu du musikariak.  

Forma aldatzen Idazketa prozesua 2022ko martxoan hasita, urtebete pasatakoan ekin zioten grabaketari. Hasieran, hamazazpi kanta idatzi zituen, baina bost kanpoan gelditu ziren, agian, etorkizunean argitaratzeko asmoz. 

Diskoa sor-tzen joan ahala forma ezberdina hartzen joan zen, kanta batzuk aldatuz. Horren adibide Ez da han bakarrik abestia da, estudioan grabatzerakoan lehen emaitzetik aldentzen baita.

Sorkuntza letretatik hasi zen, doinuak azkenerako utziz: “Testuari eta musikari alde guztia utzi nahi nien; uste dudalako doinuarekin hasiko banintz, musika eta testua murriztuko liratekela”. Horregatik, “paisaia musikalak” sortzen hasi zen, ondoren musikarekin jarraituz, baina metrikarik gabe.

Azkenean, testuak musikaren gainean inprobisatu zituen. “Ez nuke esango testua bera inprobisazioaren emaitza denik; musika bat buruan dudala hasten naiz, eta hitz batzuekin lotzen dut, letraren bidea topatuz”, gehitu du. 

Askotariko doinuak entzun daitezke lan berrian: lasaiak eta azkarrak. “Kantu guztiak pianoarekin idatzi ditut eta pixkanaka erritmoarekin berritu ditut”, azaldu du. Orokorrean, abestiak ideia finkorik gabe hasten ditu, ondoren forma emanez edo aldaketak eginez.

Beste batzuetan, aldiz, doinuaren nondik norakoak argi dauzka, Harrazue herria kantan bezala: “Hasieratik abesti azkarra izango zela erabaki nuen, martziala, epikoa”. Doinuak espazio nahikorekin egin dituela adierazi du, beraz, melodiek letretan murgiltzen laguntzen dutela uste du, musika testuaren zerbitzura sortuz. 

Instrumentuen eta doinuen ugaritasunak diskoa musika genero batean kokatzea zailtzen duela uste du Lambertek: “Diskoa musikalki estralurtarra da, genero batean kokatzekotan, kantagintza dela esango nuke”.

Orkestra bat izan eta moldaketak egon arren, kantuaren zerbitzuan direla zehaztu du, hortaz, kantak ez ditu musika instrumentaltzat, orkestraltzat edo progesibotzat hartzen. “Pop, rock edo folkaren estetika batzuk etortzen zaizkit burura, baina ez dira disko osoan topatzen, abesti edo une zehatz batzuetan baizik”. 

Izaera tragikoa Musika genero batean sailkatzea zaila izan arren, Lambertek argi dauka zein den diskoaren izaera: tragikoa, alegia. “Tragedian saihestu ezin den gauza bat dago, barnean dugun guztia eta deitzen gaituena”, hausnartu du: “Protagonista itsua da, zerbait pentsatzen du eta kontrakoa egiten du; badago horrelako dinamika bat eta diskoan horrela lan egin dudala esan dezaket”.

Inbasioak diskoa metaforikoa bezain errealista dela esan daiteke letrei erreparatuz. Adibidez, Ez da han bakarrik abestian, honako esaldia entzun daiteke: “...Ez da han bakarrik nazio bat baztertzen...”.

Biltzen duen egoera hori hainbat herrialderekin lotu daiteke, baina Lambertek entzuleak berak kokatu behar duela uste du: “Ez dut zehazki nazio batean kokatu nahi, horrek edozein nazionalismori hitz egiten dio orokorrean; diskoa identitate fantasmatikoen aurka doa”. 

Diskoa argitaratu zenetik kritika nahiko positiboak jaso dituela aipatu du Lambertek. Hala ere, diskoak oraindik bere bidea egiteko daukala azpimarratu du. Hori dela eta, hamabi abestiak zuzenean entzuteko aukera egongo da, besteak beste, ekainaren 30ean Bious-Artigues-eko lakuan ospatuko den Montagne Magique jaialdian; uztailaren 18an, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Udada jaialdian eta abuztuaren 8an, Eiheralarreko (Nafarroa Beherea) Xoko Goxoan.