Manex Beristain psikopedagogoa heriotza eta doluaz aritu da Azken galdera amari izena duen bere lehenengo ipuinean. Duela sei urte bere bikotea hil zen eta bere semeekin bizi izan duen doluaz eta prozesu horretan ikasitako guztiaz baliatu da erreminta pedagogiko bezala sortu duen ipuin hori aurkezteko.
Duela sei urte zure bikotea hil zen. Esango zenuke ‘Azken galdera amari’ pasarte horren ondorio bat dela?
-Bai, hori da. Bizitzako dolu prozesuaren ondorioa da, bizitzen eta ikasten joan naizena gehien bat. Nire eguneroko bizipenetatik izan da gehien ikasi dudana. Nire semeekin ere ikasi dut, alegia, beraiek zelan bizi izan duten dolua. Horrez gain, irakurriz eta formazio ezberdina eginez ere ikasi izan dut. Doluan beste pauso bat ematea bezala izan da ipuin hau.
Zure seme gazteenak dolu prozesu horretan izan zituen galderei erantzuna ematen saiatzen zara liburuaren bitartez?
-Nolabaiteko hustuketa emozionala izan da. Ume baten ikuspegitik gertaera bat kontatzea; askotan, kostatu egiten zaigu ume horren lekuan jar-tzea, zelan bizi duen, bere beldurrak zeintzuk diren… Dolu prozesuan zehar, seme gazteenak egindako galdera guztiak azaltzen dira ipuinean. Ni bere garaian saiatu nintzen ahalik eta ondoen erantzuten, ahalik eta egia gehien esanez. Kasu honetan, bere amak erantzuten dizkio galderak, amets bat izaten du eta nolabait elkarrizketa bat izaten du bere amarekin, bere garaian izan ez zuena.
Zure semearen zapatak jantzi dituzu “saiakera” bezala ere deskribatu duzun liburu hau idazteko?
-Ni orain formatu naiz baina herio-tzan eta doluan badaukat ibilbide bat. Ni hau guztia esperientziatik ari naiz kontatzen. Konturatu naiz nire dolu prozesuaz aparte, semearen dolu sostengatua eusten egon naizela, eta konpainia horretan asko ikasi dut. Ipuina, berez, hori da, bere lekuan jartzeko saiakera bat. Nik bikote bat galdu dut, baina nire semeek ama galdu dute, eta nik ez dakit zer den ama galtzea. Nire semea ulertu du, adibidez, ama galdu duen beste norbaitek, baina ni iristen naiz iristen naizen lekuraino. Hori ikusteak asko lagundu dit. Ariketa gogorra da, baina interesgarria ere.
Era orokortu baten dolu prozesua lan-tzeko erreminta bat sortu duzu?
-Nik erreminta pedagogiko bezala ikusten dut. Gehienbat oraingo Ekainen adineko umeentzako (9 urte) erreminta bezala. Bi urteko ume baten-tzat ipuina beste modu batean idatziko nuke, askoz sinbolo gehiagorekin, beste pertsonaia mota batzuekin. Ipuin hau ez da soilik irakurtzen, lanketa bat egiteko bidea ematen du, kapitulu bakoitzak gai bat ukitzen duelako: zaintza, minbizia, nola hitz egin heriotzaz modu garbian…
Haurrak umeegitzat jotzen ditugu gai zehatz batzuen aurrean?
-Gure beldurrak dira, gaiarekiko guk dauzkagun erresistentziak. Horiek erabiltzen ditugu umeak babesteko, baina aitzakia dira, umeek ez daukatelako heriotzarekiko beldurrik. Gure sufrimenduak sortzen du umeengan tabu hori. Umeek beharra daukate haien beldurrak kontatzeko. Umeek ulertu dezakete inolako traumarik gabe hitzekin azaldutako heriotzaren inguruko edozein gauza; lagungarria izango da. Bestela, haien kontakizun propioa sortuko dute horren inguruan, eta horrek askoz gutxiago lagunduko die gure egiak baino.
Kontakizun hori sortzen laguntzen duzu ipuin-kontaketa tailerren bidez?
-Eskoletan, normalean, heriotza lan-tzen da norbait hiltzen denean. Gertatu aurretik erremintak izatea oso interesgarria da, eta hor, konfiantzazko espazioak sortzen ditut umeak eroso sentitzeko eta bere barneko gauzak kontatzeko. Umea zaindua sentitzen denean, bere gauzak kontatzen ditu. Liburua espazio hori sor-tzeko erreminta bat da, hori sortuta dagoenean, liburua alde batera uzten dugu eta bakoitzaren gauzak lantzen ditugu.
Heriotzaren gaia bete-betean lantzen da. Beste zein gairekin topatzen da heriotza liburuan?
-Minbizia, gaixotasuna, eguneroko ospitaleko bueltan gurasoak haiekin ez direnean bueltatzen, guraso izatetik zain-tzaile izatera igarotzen duen aita hori, agurtzeko momentua… Nola esan bi urteko ume bati bere ama hil dela eta nola babestu, dolu-prozesua… Gai asko lantzen dira ipuinean. Ipuinaren bukaera bizitzaren trenera berriz igo-tzea da, bizitzari berriz eustea gertaera gogor baten ondorioz.
Familiekin heriotza lantzeko tresna izan behar du. Liburua haurrentzat da, edo helduek haurrekin landu beharreko erreminta bat?
-Heldu baten laguntzaz egitea beti izango da hobea, elkarrekin irakurri, hitz egin… Izan ere, kapitulu bakoi-tza amaitzerakoan, kapitulu horretan landutako gaiaz hitz egin dezakezu bestearekin. Kanpotik umeentzako liburua dirudien arren, barrutik, mundu guztiarentzat da. Heldu askok ida-tzi didate esanez hasi direla ipuina irakurtzen eta ezin izan dutela bukatu. Gure heriotzaren aurrean kokatzen garenean beldurra sentitzen badugu, ipuin hau irakurtzen gaizki pasatuko dugu, noski, gure heriotzarekin, edo gure ingurukoen heriotzarekin konektatzen dugulako. Baina zergatik ezkutatu? Heriotzari lekua egiten diogunean, beste modu batera ikusten dugu, konfiantza gehiagorekin.