Otsailaren 28an aurkeztu zuten Lorea Intxaustik, Nerea Elizaldek, Albar Cirardak eta Mikele Arizkorretak Bihar arte soilik antzezlana Bilboko Arriaga Antzokian. Gorka Mínguezek zuzendutako eta David Caiñak sortutako obran sexu harreman irekiei buruz eta sexualitatea uler-tzeko modu berriei buruz ariko dira lau protagonistak.
Aitziberrek (Lorea Intxaustik interpretatuta) lau pertsonentzako bidaia bat irabazi du, eta Olatz (Nerea Elizalde) berarekin joango da bidaia horretara. Ilargi (Mikele Arizkorreta) bi horien laguna da eta haiekin bidaiatuko du. Hirukote horri Ekaitz (Albar Cirarda) gehituko zaio, Ilargiren lagun bat. Bidaia horretan zehar hainbat elkarrizketa izango dituzte elkarrekin non harremanak eta horiek garatzeko moduak ardatz izango diren.
Gaia komediatik hartu dute, baina hori egiteko, kontuan hartu dituzte pertsonaia bakoi-tzaren emozioak eta bizipenak, eta ez dute ukatu publikoarengan hainbat sentipen sorraraztea horien bidez hausnartzera gonbidatuz. Nahiz eta, oro har, harreman ireki eta sexualitateak ulertzeko modu berriei buruz aritu, beste hainbat gai ere jorratuko dituzte.
Harreman anitz
“Harreman mota ezberdinak eta ikuspegi ezberdinak ikusten ditugu obran”, dio Intxaustik. Hala ere, pertsonaia bakoitzaren bitartez egoera eta planteamendu ezberdinak biziko ditugu, edo protagonistak dioen bezala, “beren bizitzeko era ezagutuko dugu”.
Alde batetik, Olatzek, harreman irekiak izan ditu aurretik eta horrelako harremanetan sinesten du. Antzezlanean, Olatzek aipatzen du harremanak “bihar arte soilik” izango balira bezala bizitzea gustatzen zaiola. Obrak irauten duen bitartean, Olatzek eta Aitziberrek harreman itxi bat daukate, Aitziber horrelako harremanetara egokitzen delako: “Monogamiara, betirako diren harremanetara, esklusibitatera…”, dio Intxaustik. Bidaia bien planteamenduen arteko bizikidetzan gakoa izango da.
Bien arteko elkarrizketek haien harremanaren mugak gainditzen dituzten gaiak ere planteatuko dituzte: alegia, zelan hartzen ditugun erabakiak, egunerokotasunaren inertzia, zergatik aukeratzen dugun gauza bat eta ez bestea… Nerea Elizaldek dioen bezala, Aitziberren pertsonaiak “bizitzeko era planteatuko du”. Horretan, Ekaitzen pertsonaia ere garran-tzitsua izango da.
Hausnarketarako unea
Elizalderen hi-tzetan, antzezlana ez da informatiboa: “Ez du uste harreman askeei buruzko informazio askorik ematen dugunik, horren inguruan hausnartzera gonbidatzen dugu soilik”. Elizaldek uste du hausnartzeko gonbidapen horretan dagoela obraren benetako oinarri iraultzailea: “Antzezlanean argi gelditzen da bakoitzaren kasuan funtzionatzen duen hori ondo dagoela, ez dagoela harreman mota bat bestea baino hobea”.
Intxaustik uste du asko daukagula oraindik hausnartzeko eta “desikasteko”, eta ados dago Nerea Elizalderekin, “bakoitzak topatu behar du zer den baliagarria berarentzat”. Amodioari buruz ideia finko bat inposatzen digutenez, “garrantzitsua da ikuspegi kritiko bat izatea”. Askotan ikusi dugun zerbait izan da amodio erromantikoa, betirako dena. “Obran ez dugu esaten hori txarto dagoenik”, dio Intxaustik. Obran pertsonaiek jolas bat planteatzen dute: galderen jolasa. Bihar arte soilik obran, jolas horretan ez da eran-tzunik ematen. “Hori da gakoa harremanen inguruan hausnartzean, galdera asko planteatzea, baina bakoitzak galderei erantzutea”. Horregatik ez da erantzunik ematen, ezta antzezlanaren amaieran ere.
Desleialtasuna eta adiskidetasuna
Ilargiren pertsonaiaren bidez, desleialtasuna biziko dugu. Ilargiri adarrak jarri dizkiote bidaia baino lehen, eta horri buruz ere hausnartzeko unea izango du ikusleak. Laguntasunak ere bere lekua izango du an-tzezlanean. Ilargik bere lagunen babesa jasoko du bizitzen ari den unean, baina berak festa besterik ez du nahi du.
Ilargi eta Ekaitzen pertsonaien artean ere adiskidetasuna landuko da egoera zehatz baten bidez: “Ikusiko da zer gertatzen den lagunetako batek garbi daukanean besteak zer egin beharko lukeen”, edo beste era batera esanda, non dagoen gomendioaren eta inposaketaren arteko marra gorria.
Hurrengo emanaldiak
Otsailaren 28an euskaraz aurkeztu zuten Arriagan, eta 29an, gazteleraz. Hurrengo hilabeteei begira, pozik daude protagonistak, martxoan eta apirilean hainbat data itxita dituztelako jada. Hala, martxoan eta apirilean Euskal Herriko hainbat txokotan gozatu ahalko dute ikusleek Bihar arte soilik antzezlanaz: martxoaren 1ean Andoainen, 9an Eibarren, 11n eta 12an Donostian (dFERIA), 15ean Getxon, 16an Igorren, 22an Sestaon eta 23an Arrigorriagan.
Apirilerako ere hainbat data dituzte: apirilaren 12an, esaterako, Gernika-Lumon egongo dira. Hurrengo egunean Urkabustaizen egongo dira eta 19an Elgoibarren. Hilaren 20an eta 21ean, berriz, Donostian eta Lugaritzen, hurrenez hurren, eta 26an Santurtzin.